Prensa
Azken urte bietan ‘Futbola oinarritik euskaraz’ egitasmoa lantzen ari da Bermeo futbol taldea Bermeoko Udalagaz elkarlanean, izan ere, “oso onak” izan dira programa honekin lortutako emaitzak.
Ildo honetan, atzo, eguenean, egindakoaren inguruan berba egiteko batu ziren entrenatzaileen koordinatzaileak, zuzendaritzako kideak, Koikili Lertxundi eta Irune Ormaetxea Bermeoko Kirol zinegotzia eta Maite Alvarez Bermeoko udaleko Euskara teknikaria.
Ormaetxeak eta Alvarezek gogoratu dutenez, proiektu honen helburuak dira Bermeoko oinarrizko taldeetan euskararen erabilera areagotzea; Bermeoko futbol elkarteko talderik gazteenen entrenatzaileak euskaraz entrenatzeko gaitasuna jasotzea, saio teoriko eta praktiko guztiak euskaraz ematea, material guztiak euskaraz argitaraturik izatea eta euskarari prestigioa ematea eta euskara gozamenarekin elkartzea.
Denboraldi honetan entrenatzaileek egindako “lan bikaina” azpimarratu dute, 14 taldetan kalitate handiko entrenamenduak euskaraz egin dituzte eta egindako lanak “emaitza ona” izaten ari dela ondorioztatu dute.
Gurasoekin ere elkarlanean
Beste alde batetik, Kirol zinegotziak eta Euskara teknikariak azaldu dutenez, guraso talde bategaz ere lanean izan da udala, Elhuyar aholkularitzaren laguntzarekin. “Egindako lanari esker, gurasoen artean euskara gehiago erabiltzeko aurrerantzean nondik nora jo zehaztu dute”, aipatu dute.
Ildo honetan, aurreratu dutenez, “iraila izango da hurrengo geltokia, orduan batzartuko gara berriro eta 2016/2017 denboraldirako helburuak aurkeztuko ditugu”.
Futbol taldea euskararen erabilera areagotzeko egiten ari den lana “eredugarri” dela azpimarratu dute batzarrean izan diren eragileak eta “aurrerantzean elkarlanaren bidea indartzeko asmoa” azaldu dute.
010 (94 617 91 00)