Prensa

Prensa

Herri indigenetako kideak Bermeon egon dira euskararen inguruan aritzeko

 

Azaroaren 21ean, eguaztenean, Garabideko Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak unibertsitate mailako aditu tituluan parte hartzen ari diren herri indigenetako bederatzi kide, antropologia ikasketak egiten ari den kide bat eta Garabideko lehendakaria eta teknikaria egon ziren Bermeon euskararen inguruan aritzeko eta Bermeoko Udalaren lana euskararen alorrean ezagutzeko. Horrela, zenbait hizkuntza komunitateko ordezkariak izan ziren Bermeon: guarania, nasa, ketxia, nahuatla, kitxea eta amazigh, besteak beste.

Saioa Idurre Bideguren, Bermeoko alkatearen; Juan Karlos Agirre, Euskara zinegotziaren, eta Maite Alvarez, udaleko Euskara teknikariaren aurkezpenarekin hasi zen, eta udaleko euskara teknikarien eskutik, Bermeoko Udalak azken 40 urteotan bideratu duen hizkuntza planifikazioa eta hizkuntza politika partekatu ziren aditu tituluko kideekin.

Ildo horretan, euskara planen oinarri metodologikoak eta prozesuak izan duen bilakaera eta ezaugarriak landu ziren, baita arrakastarako gakoak eta planifikazioan izaten diren zailtasunak ere. Horrez gain, udalerriari begira bideratzen diren egitasmoen berri eman zitzaien eta Behargintzan, hizkuntza ohituretan eragiteko, Eusle metodologia erabilita egiten ari garen praktika ona aurkeztu zitzaien, Behargintzako zuzendari eta teknikariekin batera.

Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroa Garabidek gauzatzen duen formazio proiekturik garrantzitsuena da, eta bai hizkuntzen berreskurapen arloan munduan egiten den bakarrenetarikoa ere. Hizkuntza berreskurapenaren inguruan lanean ari diren herri indigenetako erakundeak indartzera bideratuta dago formazioa.

Funtsean, euskal esperientziaren eta hizkuntzaren berreskurapenerako gakoen gaineko formazioa eskaintzen zaie munduko hizkuntza komunitate gutxituetako ordezkariei, ondoren euren prozesuaren protagonista izan daitezen.  Egunean zehar, argi geratu da aniztasunean eta elkartrukean dagoela ikasketa eta aberastasuna.

 

23 / 11 / 2018

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0