Albisteak

Albistea

Umeentzako jolas gune estalia egiteko lanak hasi dira Erreten Lameran eta udarako prest egotea aurreikusten da

Naturan integratutako gune honetan jolasteko zirkuitu bat izango dute elementu ezberdinez osatutakoa: zuhaitzean etxetxoa, txirristak, taldekako zabuak, sareak, zubiak…

 

 

Aurrekontu parte-hartzaile prozesuaren barne umeentzako jolas gune estalia izan zen aukeratutako proiektua eta herritarren eskaerari erantzuna emanez, proiektu hori martxan jartzeko lanak hasi dituzte Erreten Lameran eta udarako prest egotea aurreikusten da. Lanak bukatutakoan, egun euritsuetan eta eguzkia dagoenean ere bai, umeek jolastu ahal izateko 300 m2 inguruko estalitako gunea izango dute. Naturan integratutako jolas gune honetan jolasteko zirkuitu bat izango dute elementu ezberdinez osatutakoa: zuhaitzean etxetxoa, txirristak, taldekako zabuak, sareak, zubiak… Guzti hori ume eta nagusiek parte hartze prozesuan proposatutako baldintzetara egokituta.

Jolas zirkuitua aterpe-gunetik kanpo dagoen zuhaitzean jarriko den etxetxo batean hasiko da eta hortik aterpe gunera eramango du umea, bertan, bakarrik edota lagunekin jolas zirkuitua jarraitu eta jolas ezberdinekin gozatu ahal izateko, beti ere imajinazioa landuz. Zuhaitzeko etxetxoa ere umeek parte hartzeko prozesuan eskatutakoa da.

Jolasteko elementuak robinia egurrarekin eginda egongo dira, kalitate handia eskainiz eta itxura natural batekin, horrela inguru berdean era egokienean batean barneratuz. Gainera, parte-hartze prozesuan adierazi bezala, kolore eta hainbat xehetasunen bidez, Bermeok itsasoarekin eta naturarekin duen harremana islatuko da jolasgune honetan modu orijinal batean.

Estalkiari dagokionez, zeharrargia izango da eta haize eta euria denean, bai umeek bai eurekin daudenak ere babesteko balioko du. Estalkia metalezko zutoinek eutsiko dute eta habeak olazkoak izango dira. Estalkiaren barne eseri ahal izateko aulkiak ere egongo dira.

“Gune atsegina osatuko da ume zein nagusientzat, umeak jolasteko eta imajinazioa lantzeko jolasgune orijinal berria izango dute Bermeon, gainera eguraldi txarrarekin ere erabiltzeko aukera eskainiko duena”, adierazi du Bermeoko Udalak. Gune horrek gaur egun Erreten dagoen jolas gunea ordezkatuko du; izan ere, egoera oso txarrean dago eta toki hori gune berde bezala berreskuratuko da.

“Proiektu honetan atzerapenak egon dira, izan ere, diseinuak ez zuen herritarrek parte-hartze prozesuan adierazitakoa islatzen eta kontratazioa egiterako orduan arazoak egon dira, baina, guretzako lehentasuna izan da herritarren ekarpenak kontuan hartzea eta lortu dugu”, adierazi du Bermeoko Udalak. Proiektu honetan 353.503,42 euro inbertituko dira eta udarako prest egotea espero da.

 

24 / 04 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0