Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak .eus domeinua aktibatu du

 

Bermeoko Udalak .eus domeinua aktibatu du, euskara eta euskal komunitatearen interneteko lehen mailako domeinua, hain zuzen ere. Beraz, orain www.bermeo.eus  da Bermeoko Udalaren web gunearen helbidea. Hurrengo pausua Udalaren web gune guztiak .eus domeinura bideratzea izango da eta hurrengoa posta elektronikoko helbide guztiak ere bai eta “horretan lanean ari da Udala”.

Josu Unanuek, Bermeoko Udaleko alkateordeak eta Euskara zinegotziak, Maite Alvarezek, Euskara teknikariak, eta Jon Elortegik Udaleko informatikoak aurkeztu dute .eus domeinua Bermeon egindako prentsaurrekoan.

Unanuek azaldu duenez, domeinu honen helburua da “euskal kultura sustatu eta euskara eta euskal kulturaren komunitatea kohesionatzea”. “.eus tresna bat da, euskara beste hizkuntzen mailan kokatzen duena, euskararen normalizazioan lagunduko duena eta euskararen herriari nazioarteko aitortza eskaintzen diona, horregatik oso garrantzitsua da Bermeoko Udalean .eus domeinua aktibatua izatea”, nabarmendu du.

Alvarezek adierazi duenez, .eus domeinuaren proiektuak 2007an eman zituen lehen urratsak eta 2008an PuntuEus Elkartea eratu zen, Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatea egituratzeko helburuarekin. 2008tik 2012ra zabaltze prozesuan egon da eta guztira 58 elkarte eta erakundek osatzen dute PuntuEus Elkartea.

2012an, PuntuEus Elkarteak PuntuEus Fundazioa sortu zuen eta azken hau izan zen ICANNen aurrean 2012ko maiatzean .eus domeinuaren eskaria aurkeztu zuena. Eskari hori ebaluatu eta 2013ko ekainaren 14an .eus domeinua onartu zen eta, martxan jartzeko beharrezko lanak bukatu ondoren, 2014ko udaberritik ikusgarria da .eus domeinua Interneten.

“Horrela Bermeoko Udalak .eus domeinuak euskararen aldeko apustuan duen garrantziaz ohartuta, ezinbestekotzat jo du aktibatzea eta jadanik gure web gunea ikusi nahi duten guztiek www.bermeo.eus helbidea erabili behar dute”, adierazi du Unanuek.

Horrez gain, domeinu hau edonork erabili dezakeela gogoratu du eta eskatzeko prozedura ohiko hornitzaileren bidez edo www.domeinuak.eus web gunearen bitartez egin daitekeela. Baldintza bakarra da web gunearen edukiak euskaraz egotea, beste hizkuntza batzuekin batera edo euskaraz bakarrik, hain zuzen ere.

 

Horrela, Bermeoko elkarte, enpresa, edo/eta norbanakoei jakinarazi die .eus domeinua erabiltzeko aukera hori ere badutela, “guztion artean euskara eta euskal kultura zabaltzeko eta sustatzeko eta munduan euskal identitatea zabaltzen laguntzeko”.

 

 

 

19 / 02 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0