Albisteak

Albistea

ABISUEK aplikazioa martxan, herritarrek mugikor edo www.bermeo.eus bidez abisuak emateko

Aplikazio honen helburua da herritar guztiok herria hobetzen lagundu ahal izatea eta guztion artean arazoak ahalik eta arinen konpontzea

Bermeoko Udalak ABISUEK aplikazioa martxan jarri du herritarrek bai telefono mugikor bidez edo bai www.bermeo.eus bidez, herriko gauza ezberdinei buruzko abisuak eman ahal izateko. “Aplikazio honen helburua da herritar guztiok herria hobetzen lagundu ahal izatea eta guztion artean, herrian sortzen diren arazoei, ahalik eta arinen konponbide bat ematea”, adierazi du Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak. 

Bidegurenek aplikazio hau gaur egindako prentsaurrekoan aurkeztu du. Berarekin batera egon dira Juan Karlos Agirre Zerbitzuetako zinegotzia eta Iñigo González Zerbitzuetako teknikaria. Alkateak nabarmendu duenez, aplikazio honekin udal “eraginkorragoa, hurbilagoa eta gardenagoa lortu” nahi dugu eta, aldi berean, “herritarren inplikazioa eta parte hartzea bilatzen dugu”. Ildo berean, nabarmendu duenez, “teknologia berrien erabilerarekin administrazio berritzaileago baten aldeko apustua egiten dugu”. 

Agirrek azaldu duenez, ABISUEK aplikazioaren bidez zerbitzuen inguruko (mantenua, kalteak, zuloak, garbitasunaren ingurukoak, seinaleak apurtuta, argiterian arazoak…) abisuak eman ahal izango dituzte herritarrek. “Helburua da abisu hauei erantzuna ahalik eta azkarren ematea eta guztion artean herria ahalik eta hoberen izatea”, gaineratu du.  

Zelan erabili 

Erabilerari buruz, Iñigo Gonzálezek  azaldu duenez, abisuak telefono mugikor bidez emateko, aplikazioa deskarga behar da, hau da, Play Store-n ABISUEK aplikazioa bilatu behar da, deskargatu eta instalatu. “Instalatu ondoren erregistratzea eskatuko dio herritarrari, erregistroa egiteko helbide elektronikoa eta pasahitza sartu behar dira eta, hori egin ondoren, prest egongo da”, gaineratu du.  

Ildo honetan, adierazi duenez, abisua sartzerako orduan, aplikazioak berak hainbat aukera emango dizkio herritarrei abisua zeri buruz den informatzeko: arketak, autobus eta taxi geltokiak, bidegorria, herri altzariak, seinaleak, lorategiak… Hau zehaztu ondoren gertakariari buruzko beste hainbat aukera ere emango dizkio herritarrari bere berri emateko: arrakalatuta, hondatuta, altxatuta…  

“Deskripzio txiki bat sartzeko ere aukera izango du abisua ematen duen pertsonek eta guzti horren berri emateko argazki bat bidali beharko dute”, nabarmendu du Gonzalezek.  

Behin abisua emanda, herritarrak korreo elektroniko bat jasoko du bere abisua jaso dela adierazteko eta Zerbitzu Sailaren telefonoarekin. “Ondoren, eman beharreko pausuak emango dira emandako abisuari konponbidea emateko. Abisuari irtenbidea eman ondoren mezu bat bidaliko zaio abisua eman duen herritarrari”, zehaztu du.  

Horrez gain, adierazi duenez, “herritarrak bere abisuaren egoeraren jarraipena ere egin ahal izango du aplikazioko ‘nire jakinarazpenak’ atalaren bidez”. “Bertan kolore kode bat egongo herritarrek abisuaren jarraipena egin ahal izateko”, jakinarazi du.   

ABISUEK aplikazioa laster Apple Store-en bidez ere deskargatu ahal izango dela jakinarazi du.  

Web gunea 

Telefono mugikorraz gain, herritarrek www.bermeo.eus web gunearen bidez ere abisuak emateko aukera izango dute, bertan lotura bat ezarri baita zuzenean sartzeko.  

Herritarrek abisuaren berri erregistratuta edo erregistra barik egin ahal izango dute, baina erregistra barik egiten dutenek ezin izango dute abisuaren jarraipenik egin. Web gunearen bidez ere, telefono mugikorraren jarraitu beharreko pausuak jarraitu behar dira eta aukera berdinak izango dituzte herritarrek. Telefono mugikorretik emandako abisu baten jarraipena web gunetik ere egin ahal izango dela gaineratu du eta alderantziz ere, beti ere web gunean erregistratuta eman bada abisua.  

Bidegurenek eta Agirrek aplikazio hau erabiltzera animatu die herritarrei “guztion artean herriaren egoera hobetzeko eta guztion artean Bermeoren etorkizuna lantzeko”.

 

 

30 / 04 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0