Albisteak

Albistea

Bermeon hondakinen birziklapena %5,62 igo da 2015ean

Bermeon 2015ean hondakinen birziklapena %5,62 igo da eta guztira 1.533 tona hondakin errekuperatu dira. Irune Ormaetxeak, Bermeoko Udalaren Ingurumen Saileko zinegotziak adierazi duenez, honek esan nahi du hondakinen gaikako bilketa finkatzen ari dela urterik urtera. “Zehazki, iaz bermeotarrok sortutako hondakin guztietatik %26,28a errekuperatzea lortu genuen birziklapenaren bidez”, azpimarratu du. 

Dena den, joera hau mantendu eta indartu egin behar dela gogoratu du Ormaetxeak. Goranzko joera hau bereziki beiraren kasuan nabarmendu da, %14,78ko igoera izan baitu 2014. urtearekin alderatuz. Arrazoien artean, urteetan zehar ostalariekin eta txokoekin, besteak beste, egindako kanpaina ezberdinak aipatu ditu eta baita ere joan den urteko Arrain Azokan, 40 taberna ingururekin beirazko botilak batzeko jarri zen  aparteko zerbitzua. 

Bolumen handiko hondakinen kasuan, igoera %16,87koa izan da eta pilen kasuan %10,77koa. Papera eta kartoiari dagokienez, Ingurumen zinegotziak  azaldu duenez, iaz papera eta kartoia biltzeko zerbitzuak indartu egin ziren denda askotan atez ateko bilketa eginez eta kartoi eta paper batze zerbitzua lau egunetik bost egunera zabalduz.  “Bilketak, hala ere, %1,95eko jaitsiera izan du, baina horren arrazoietariko bat da gaur egun produktuek paper eta kartoizko enbalaje gero eta gutxiago dituztela. Hortik aparte, euskarri digitalen erabilpena ere hedatu dela, paperezko euskarrien ordez, gaineratu du. Izan ere, joera hau orokorrean Bizkaian ere gertatu da”, azaldu du. 

Bestalde, Bermeon ontzien birziklapenean jaitsiera bat egon dela adierazi du Udalak, %3,53koa, hain zuzen ere. “Beherakada ez da handia, baina hala ere, datu honek ontzien birziklapenaren kasuan sentsibilizazio lana indartu behar dugula adierazten du, herritarrek ontziak birziklatzea oso garrantzitsua dela jakin behar dute”, azaldu du. 

Esan duenez, etxeko olio zikinaren bilketa apur bat jaitsi da, %6,27, eta kasu honetan ere, ezinbestekoa da herritarrak olio zikina birziklatzeak duen garrantzia ezagutzea. Arropa bilketaren kasuan, 2015ean %3,77ko igoera izan du. 

Bermeoko Udaleko Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, “garrantzitsua” da kontsumitzerako orduan “arduratsuak” izatea eta “jasangarritasunaren ikuspuntua kontuan hartzea: bertoko produktuak kontsumitu, gain-ontziratutako elikagaiak ez erosten saiatu, erosketarako orga, telazko poltsak erabili…”. Horrez gain, esan duenez, “bermeotarrak birziklatzeko ohituran denborarekin hobetzen joan gara”. Dena den, adierazi duenez, “ez gara erlaxatu behar eta gaika birziklatzen jarraitu behar dugu gure ingurumena guztion artean zaintzeko”. 

18 / 03 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0