Albisteak

Albistea

1.184 bisitari pasa dira Bermeoko Turismo Bulegotik Aste Santuan, iaz baino %25 gehiago

 

1.184 pertsona pasa dira Bermeoko Turismo Bulegotik Aste Santuko egunetan (martxoaren 24tik 28ra) iaz baino %25 gehiago eta 310 pertsonek erabili dute egun hauetan Bermeotik Gaztelugatxeko San Juanera Bermeoko Udalak eskainitako Bermibus zerbitzua. Bisitarien jatorriari dagokienez, gehienak euskaldunak izan dira baina aipatzekoa da ere madrildarren, katalanen eta italiarren presentzia, besteak beste. 

Irune Ormaetxeak, Turismo zinegotziak gogoratu duenez, Bermeok eskaintza turistiko zabala eskaini du Aste Santuan. Aurten gainera nobedade bat egon da,  Bermeoko Udalak Aste Santuko egunetan Bermeotik Gaztelugatxeko San Juanera joateko autobusa jarri baitu eta 310 pertsona izan dira Bermibusen zerbitzu hau erabili dutenak. 

Ormaetxeak gogoratu duenez, “turismo jasangarria bultzatzeko gure herriko toki paregabe honetara garraio publikoan joateko aukera ematea garrantzitsua dela pentsa izan dugu eta horregatik eskaini dugu zerbitzua”. “Hori dela eta, gure ustez, oso positiboa izan da egun hauetan 300 pertsona baino gehiagok zerbitzu hau erabiltzea”, azpimarratu du. 

Bestalde, Bale Arrantzaren Interpretazio Zentroa den Aita Guria baleontziari dagokionez, tamalez Aste Santuko igandean eta astelehenean itxita egon behar izan da itsas baldintzak direla eta. Dena den, hiru egunetan, martxoaren 24tik 26ra 155 bisitari izan ditu. 

Bermeoko  ostatuei dagokienez, jai egunetan ia %100eko betetze maila izan dute. Jatetxeek ere eguerdietan bezero asko izan dituzte eta kasu gehienetan bazkari txanda bat baino gehiago eman dute eta tabernak ere beteta egon dira egunean zehar. Turismo aktiboaren kasuan,  itsas irtenaldiak oso harrera ona izan dute, izan ere, itsasoko egoerak galarazi ez duenean, beteta egon dira.

Irune Ormaetxeak adierazi duenez, Aste Santuko turismo datuak onak izan dira. Horrela, Bermeoko Udalak turismo jasangarriaren alde egiten duen apustua berretsi du, hain zuzen ere, “gure arrantza herri izaera nabarmendu, gure ingurua eta ondarea zaindu eta mantendu eta, aldi berean, lanpostuak sortuko dituen turismo jasangarriaren aldeko apustua”. 

“Gaztelugatxeko San Juanek Bermeoko turismoa bultzatzeko eskaintzen dituen aukerak lantzen jarraituko dugu”, adierazi du. Ildo honetan, gaineratu duenez, “Gaztelugatxeko San Juanek eskaintzen dituen aukerak ondo aprobetxatzeko eta turismo jasangarria bultzatzeko, gogor lan egin beharko dugu erakunde ezberdinen artean”.

 

 

31 / 03 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0