Albistea
Harriketarrak marrazki bizidunetan girotuta egon den Naia tabernak XIV. Tabernen mozorro txapelketan lehenengo saria irabazi du. Bigarren saria ‘juegos reunidos’-en gaia jorratzen duen Sarabanda tabernak jaso du eta hirugarren saria Zubi-Gane tabernarentzat izan da piropoei buruzko gaiarekin.
Jai Batzordeak, urtero bezala, Aratusteetako martitzenean tabernen mozorroen lehiaketa antolatu du. Aurten XIV. edizioa izan da eta zazpi taberna aurkeztu dira: Irish, Zubi-Gane, Naia, Akelarre, Kafe Loidxie, Sarabanda eta Gai Sai, hain zuzen ere.
Epaimahaia Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek, Kultura zinegotziak, Aingeru Astuik, eta Jai Batzordeko kideek osatu dute. Parte hartzaileek 11:00etatik aurrera euren tabernak apainduta izan dituzte eta tabernariak mozorrotuta egon dira. Epaimahaiak parte hartzaile guztien tabernak bisitatu ditu eta guztien “maila altua” azpimarratu du, izan ere, bere esanetan, “oso orijinalak izan dira, lan handia egin dute eta apaingarri gehienak eskuz egindakoak izan dira”.
“Eskertzekoa da parte hartu duten tabernek egindako ahaleginak apainketa eta mozorro sortzaile eta orijinalak aurkezteko”, esan du. Sariak ematerakoan honakoak izan dituzte kontuan: tabernen apainketen eta mozorroen orijinaltasuna, umorea, erabili diren materialen kontsumo orekatua eta mozorro eta apainketa bat etortzea, besteak beste.
Sariak
Sariei dagokienez, lehenengo sariaren irabazle izan den Naia tabernak Belalamera bitxitegiak emandako garaikurra eta hiru eguneko lagun birentzako egonaldi berezia jaso du. Bigarren saria irabazi duen Sarabanda tabernak lagun birentzako egonaldia eta Itsuki irratian 50 iragarkiko publizitate paketea jaso ditu eta Zubi-Gane tabernak spa tratamendua lagun birentzako hirugarren sariagatik.
010 (94 617 91 00)