Albisteak

Albistea

Alaia Rodriguez Elorriaga izan da Bermeoko XXII. Arrain Azokaren kartel lehiaketaren irabazlea

Alaia Rodriguez Elorriagak egindako kartelak irabazi du Bermeoko XXII. Arrain Azoka iragartzeko egin den kartel lehiaketa. Epaimahaia Arrain Azoka Elkarteko  kidez osatuta egon da eta lan irabazlea aukeratzeko orduan bere diseinua, Bermeorekin duen lotura eta kartelaren leloak,  -‘Ireki zazu bizitazuna, jan zazu osasuna’-,  aurtengo helburua oso ondo islatzen duela baloratu da, hau da, arraina kontserban jatea oso osasungarria dela jakinaraztea. 

Kartel lehiaketaren irabazleak 600 euroko saria jasoko du eta maiatzaren 20an Hegaluze Sariko ekitaldian emango zaio. Kartel lehiaketa honetara 12 lan aurkeztu dira, “estilo ezberdinetakoak baina denak maila oso onarekin”, iaz baino hiru kartel gehiago, hain zuzen be. 

Horrela, aurten arrain azokan bertan, erakustoki batean, lehiaketara aurkeztu diren kartel guztien erakusketa egingo da bertaratzen direnek kartel guzti hauek ikusteko aukera izan ditzaten. Arrain azoka elkarteak gogoratu duenez, kartel lehiaketarekin Arrain Azoka “parte-hartzaileago bat lortu nahi dute, herritarrak Arrain Azokan parte hartzeko hainbat aukera izatea eta Arrain azokaren parte sentitzea”. 

Lehiaketaren baldintzei dagokienez, besteak beste, kartelaren gaiak Bermeoko Arrain Azokarekin zerikusia izan beharko duela adierazten zuten, eta aurtengo helburua da  arraina kontserban jatea oso osasungarria dela jakinaraztea. 

Sarituak izan ez diren lanak batzeko epea maiatzaren 23tik 27ra izango da, Bermeoko Turismo Bulegoan. Epe hori igaro eta gero, jaso ez direnak Arrain Azoka Elkartearenak  izango dira. 

Bermeoko Arrain Azoka aurten XXII. ediziora heltzen da eta maiatzaren 20, 21 eta 22an izango da. 

08 / 04 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0