Albistea
Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko (GOUP) Gizarte Heziketarako Esku-hartze Taldeak (GHET) gurasoei zuzenduta Informazio eta komunikazioaren Teknologien erabilera egokiaren gaineko programa eskainiko du apirilaren 12an, 19an eta 26an eta maiatzaren 3an Bermeoko Kultur etxean. Bi orduko saioak dira, 17:30etik 19:30era eta hauen helburua da gurasoei “teknologi erabilera desegokiaren ondorioz agertu daitezkeen arriskuen berri ematea eta hauek ahalik eta arinen nola murriztu daitezkeen jakinaraztea, adingabeen ongizatea bermatzeko”.
Benito Ibarrolazak, Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko presidenteak, adierazi duenez, Osakidetzaren laguntzarekin garatutako saio hauekin, “gurasoei teknologia berrien erabileran jokatzen duten paper aktiboa jakinarazi nahi zaie, bai euren seme-alaben nortasun digitala garatzeko orduan, bai teknologiak era egokian erabiltzeko orduan”.
Bere esanetan, “gaur egun adingabeak teknologi berrien erabilera oso barneratuta daukate, eurentzat sarea sozializazio esparru bat dat eta sarritan ez dira kontziente berton agertu ahal diren arriskuez”. Hori dela eta , “oso garrantzitsua” da gurasoei “hainbat baliabide eskaintzea egoera horiei aurre egiteko”.
Ildo honetan, Gizarte Heziketarako Esku-hartze Taldeak (GHET) adierazi duenez, “ziberbuillyng-a gero eta gehiago agertzen da, lehen eskolan jasaten ziren erasoak, bai berbalak bai fisikoak, egun interneten sare sozialen bidez, edota sakelako telefonoaren bidez edozein momentuetan irainak eta mehatxuak jasan daitezke” “Horiez gain, beste motatako arriskuak ere aurkitu daitezke, grooming, sexting, identitate-lapurreta, irudien erabilera desegokia, webcam-eri esker horren ondorioz estortsioa , adizioak”, aipatu du.
GHETek adierazi duenez, “kontuan eduki behar dugu, teknologi berriak lortu duten esparrua egunerokotasunean”. “Gero eta zailagoa da horien erabilera murriztea, batez ere sarritan gurasoak edota erreferentziazko pertsonak eredu bihurtzen direlako eta adingabeak behin eta berriro ikusten dutelako etengabe erabiltzen dituztela, adibidez WhatsApp-a”, gaineratu du.
Horrela, Ibarrolazak gurasoak gonbidatu ditu programa honetan parte hartzera “denon artean agertu ahal diren arriskuak ahalik eta arinen detektatzeko eta adingabeen ongizatea bermatzeko”.
Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko Gizarte Heziketarako Taldeak urtean zehar esku-hartze mota ezberdinak martxan jartzen ditu, hain zuzen ere, bakarkakoak, taldekakoak eta ildo komunitariokoak. Lan komunitario honen barruan kokatzen da guraso eskola.
010 (94 617 91 00)