Albistea
nIrune Ormaetxeak, Kirol zinegotziak adierazi duenez, Bermeoko Udalaren helburu garrantzitsu bat da Udal Kiroldegiak kalitatezko zerbitzu modernoak eskaintzea eta instalazio egokiak izatea, izan ere, kirolaren aldeko apustua egitea herritarren osasunaren aldeko apustua egitea da. Horretarako hainbat dira martxan jarri diren ekimenak. Azken biak Bermeoko kiroldegiko rokodromoaren egoera hobetzea eta Fitness funtzionala egiteko egitura berri eta moderno bat jartzea izan dira.
Horien berri eman dute gaur prentsaurrekoan Irune Ormaetxeak eta Itxaro Zabalak, Bermeoko Kirol Patronatuko zuzendariak.
Rokodromoari dagokionez, azaldu dutenez, rokodromoan hobekuntza lan nabariak egin dira, 300 presa berri erosi eta egon direnak desmuntatu, garbitu eta ibilbide berriak birdiseinatu dira maila guztietako eskalada zaletuek erabili ahal izateko.
Bermeoko Udal kiroldegiak rokodromoa 2010. urtetik dauka eta, igerilekua eta gimnasioa bezala, abonatuen kuotaren barne sartzen den zerbitzua da. Abonatuak ez direnak kiroldegiko sarrera ordainduta erabili ahal dute. Rokodromoa kiroldegiko ordutegi berdinean erabili ahal da.
Bermeoko Udal Kirol Patronatuak rokodromoa ezartzea erabaki zuen kirol joerak eta zaletasunak kontuan hartuta eta eskalada gustuko duten guztiek Bermeoko kiroldegian egiteko aukera izateko. Adin txikikoak ere joan daitezke beti ere nagusi baten ardurapean.
Bestalde, Ormaetxeak jakinarazi duenez fitness funtzionala egiteko materiala berritu da, ‘purmotion’ izeneko egitura berri eta modernoarekin. Zabalak azaldu duenez, entrenamendu funtzionalak kirola modu osasuntsu eta dibertigarrian egiteko aukera eskaintzen digu eta asko dira bere onurak: bizi kalitatea hobetzea, mugimenduak eta gorputzaren jarrerak hobetzea, muskulatura indartzea, lesioak egiteko arriskua murriztea eta indarra, koordinazioa, erresistentzia, eta bizkortasuna hobetzea.
“Horrela, kirol hau egiteko baliabideak hobetzea erabaki dugu eta egitura berria ezarri dugu”, esan du Ormaetxeak. Itxaro Zabalak azaldu duenez, Purmotion egitura hau aukeratu dute metodo honekin mugimendu patroiak hobeto landu daitezkeelako eta gainera material aldakorra aldi berean erabiltzea ahalbideratzen duelako: txikotak, tenkatzaileak, plataforma ezegonkorra…
“Horrez gain, egitura hau era guztietako erabiltzaileentzat, hau da, egoera fisiko ezberdinak dituzten erabiltzaileentzat aukerak eskaintzen ditu eta, gainera, ez da estruktura finko bat eta hori dela eta etorkizunean lekuz aldatu daiteke”, gaineratu du.
“Hortaz, jende guztia animatzen dugu bai rokodromoa erabiltzera bai fitness funtzionala egitera edo bestelako kirol jarduerak egitera, izan ere, kirola egitea ona da herritar guztientzat”, adierazi dute .
Bestalde, Ormaetxeak adierazi duenez, Bermeoko Udalak ahaleginak egingo ditu kirol zerbitzuak hobetzeko. Horrela, aurten fitness gimnasioko eta biking gelako material kardiobaskularra berrituko dituzte instalazioen egoera hobetzeko helburuarekin.
010 (94 617 91 00)