Albistea
Alde Zaharra biziberritu eta gune erakargarri bihurtu nahian, eta Bermeoko Alde Zaharreko edertze eta berreskurapen Planaren barruan, Bermeoko Udalak beste pauso bat emango du, eta Nekazari, Intxausti, Areilza eta Doniene kaleetan berrikuntzak egin ondoren, oraingoan Nardiz Tar Jon kalea berritzeko lanak egingo dira. Hain zuzen ere, irisgarritasuna hobetzeko, kalearen itxura berritzeko, gunearen garbiketa lanak errazteko, eta honenbestez, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko lanak egingo dira.
Nardiz Tar Jon kalean ere, errepidea eta espaloia altuera edo maila berean jarriko dira, irisgarritasuna bermatzeko. Gainera, euri-urak hartzeko granitozko “V“ formadun pieza berezi bat jarriko da. Horrez gain, ahal den neurrian, zerbitzu-sarea lurperatuko da. Batez ere, hornidura elektrikoaren, telekomunikazioen eta argiteriaren sareak; hala eta guztiz ere, kontuan hartu beharko da toki bakoitzaren egitura fisikoa, azpiegiturak lurperatzeko aukerak aztertzean.
Irisgarritasuna hobetzeko lanak astelehenean hasiko dira, eta lan guztiak egiteko epea, gutxi gorabehera, hiru hilabetekoa izatea aurreikusten da. Egin beharreko lanak bi fasetan egingo dira. Lehenengoan, Goiko Plazatik Aldatzeta kalerainoko tartea egingo dute, eta bigarrenean, berriz, Aldatzetatik Arresi kaleraino. Lanen ondorioz, Nardiz Tar Jon kalea trafikora itxi egingo da, lehenengo fasean Aldatzeta kaleraino bakarrik, eta bigarren fasean kalea bere osotasunean. Modu horretara, lanok iraun bitartean, Intxausti kaleko trafikoaren noranzkoa aldatu egingo da.
Hondakinen bilketan ere aldaketak egongo dira. Hala, Nardiz tar Jon eta Intxausti kaleetako edukiontzien ordez, erabiltzaileek Arana tar Sabinen enparantzakoak (Goiko plaza) eta Arresi kalekoak erabili beharko dituzte, lanak amaitu bitartean.
Bermeoko Udalak barkamena eskatzen du lanok iraun bitartean sor daitezkeen eragozpenengatik.