Albistea
Bermeoko Udalak txakurrak eta orokorrean animalia guztiak kontrolpean izateko eta herria garbi mantentzeko kanpaina bat martxan jarri du. Kanpaina honetan aspaldidanik lanean ari da eta horren barne animalien inguruko ordenantza gaurkotu da, Udaltzaingoak jarraipen zehatzak egingo ditu eta eskuorri informatiboak banatuko dira. Horietan, besteak beste, txakur bat izatearen ardurak gogoratzen dira eta horrek ez betetzearen ondorioak.
Juan Karlos Agirrek, Bermeoko Zerbitzu Saileko zinegotziak eta Iñigo Gonzalezek, Zerbitzuetako teknikariak, ekimen hauen berri eman dute gaur egindako prentsaurrekoan. Eurekin batera Bego Gangoiti herritarra eta txakur baten jabea egon da. Berak txakurra nola zaintzen duen azaldu du eta bere jarrera “eredugarria” azpimarratu du Agirrek.
Ildo honetan, Agirrek gogoratu duenez, jakin badakigu herritar askok Bego Gangoiti bezalako “jarrera ona” dutela, euren animaliak “oso ondo zaintzen dituztela”, dagozkien “arauak betetzen dituztela” eta euren “kakak jasotzen dituztela”. Baina, esan duenez, “zoritxarrez gutxi batzuk ez dute horrela egiten, herritarren segurtasuna arriskuan jarriz eta herria txukun izatea galaraziz, eta horregatik neurriak hartzen ari gara”.
Isunak
Horrela, martitzenetik aurrera banatuko den esku-orrian txakur bat izateak duen ardurak gogoratuko dira eta horiek ez betetzearen ondorioen berri, besteak beste. Ildo honetan, gogoratzen denez, txakurrak erroldatuta eta identifikatuta egon behar dira eta horretarako mikrotxip bat jarri behar dio gaitutako albaitari batek. Horrela ez bada, arrisku bako txakurren jabeek 200 euroko isuna izango dute eta 500 eurokoa arriskutsuak izan daitezkeenenak.
Txakurrak bere ezaugarrietara egokitutako ugalaren bidez lotuta eraman behar direla ere adierazten da, ugalaren luzeera gehienez bi metrokoa izan daitekeela zehaztuz. Hori egiten ez duten txakurren jabeek 301 euroko isuna izango dute arrisku bako txakurretan eta 500 eurokoa arriskutsuak izan daitezkeenetan.
Leku guztietan txakurren arduradunek kakak batu behar dituztela eta txiza kontrolatu behar dutela azpimarratzen da, bestela 200 euroko isuna izango dutela. Horrez gain, pertsona bakoitzak txakur arriskutsu bat bakarrik eraman ahal duela aipatzen da eta horrela ez bada 200 euroko isuna jarriko zaiola.
Txakur arriskutsuak
Esku-orrian arriskutsuak izan daitezkeen txakurrei buruzko informazio zehatza ematen da. Hauek zeintzuk diren gogoratzen da: Pit Bull Terriera , Staffordshire Terriera, Rottweilerra, Dogo argentinarra, Fila brasildarra, Tosa Inua, Akita Inua edo hauetariko gurutzaketa batekoa. Era berean, arriskutsuak dira oso agresiboak edo pertsonaren zein beste animaliaren bati eraso badiete.
Txakur hauek dagokien lizentzia eskuratu behar dute Berhaz bulegoan. Iñigo Gonzálezek zehaztu duenez, txakur guztiak alde batetik Euskal Autonomia Erkidegoko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrean (AIEO/REGIA) erregistratuta egon behar dira txakur guztiak bezala, baina, horrez gain, Udalaren lizentzia ere izan behar dute. “Horrez gain, txakur horiek eramateko ere baimena izan behar da, hau da, arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak ezin izango dira baimen bako pertsona baten ardurapean egon”, gaineratu du.
Jarraipen zehatzak
Ildo berean, txakur hauek kalera lepokoarekin, muturrekoarekin eta txakur batekin soilik atera behar direla nabarmentzen da esku-orrian. Aipatutako guzti hauek betetzen direla egiaztatzeko Udaltzaingoak jarraipen zehatzak egingo ditu maiatzaren 11tik aurrera zonaldeka, Alde Zaharretik hasita.
“Dena den, - gogoratu denez,- horrek ez du esan nahi gune horretan soilik bakarrik jarriko direla isunak, beste guztietan ere araua betetzen ez duen norbait ikusten bada isuna jarriko zaio”.
“Zerbitzuetako langileek ere garbitasun lanak egiterakoan txakurren kaka gehien dauden tokiak identifikatuko dituzte eta Udaltzaingoari honen berri emango die,”, azaldu du Agirrek. Ildo berean, nabarmendu duenez, herritarrek ere ABISUEK aplikazioaren bidez bidaltzen dituzten abisuak ere kontuan hartuko dira zona kaltetuenak zeintzuk diren ikusteko.
Txakurrak solte ibiltzeko eremuetan kartelak jarriko dira eta esku-orrian ere gogoratzen dira zeintzuk diren toki hauek eta ordutegiak.
Kanpaina honetan herritarren, dendarien eta elkarte ezberdinen inplikazioa bilatuko dutela azaldu du Juan Karlos Agirrek, izan ere, “ezinbestekoa da guztion parte hartzea txakurrak eta animaliak ondo zainduta eta kontrolpean egoteko eta herria garbi mantentzeko”. Agirrek adierazi duenez, kanpaina hau epe luzerako da, aspaldidanik ari gara lanean honetan eta denboran zehar mantenduko da pausu ezberdinak emanez.
“Txakurrak arduraz zaintzen dituzten pertsonak asko dira, dagozkien lizentziak dituztenak, arauak betetzen dituztenak, eta txakurren kakak batzen dituztenak, animaliaren onerako eta herriaren onerako, baina animaliak dituzten pertsona guztiak euren ardurak betetzea lortu behar dugu eta hori da gure helburua kanpaina honekin, animaliaren, jabearen eta herri guztiaren segurtasunerako eta onerako eta gure herria garbi mantendu ahal izateko”, adierazi du.
010 (94 617 91 00)