Albisteak

Albistea

Gaztelugatxeko San Juanera joateko autobusa egongo da Aste Santuan eta Aita Guria baleontzia bihar irekiko da

Itsas ibilbideak egiteko, museoak eta elizak bisitatzeko, prozesioak ikusteko eta gure produktuekin eta giro izugarriekin gozatzeko aukera Bermeon Aste Santuan

Bermeok eskaintza turistiko zabala eskainiko du Aste Santuan, hainbat izango baitira gure herrira datozen bisitariek izango dituzten aukerak. Aurten gainera nobedade bat egongo da,  Bermeoko Udalak Aste Santuko egunetan Bermeotik Gaztelugatxeko San Juanera joateko autobusa jarriko baitu. Horrez gain, bihar, martxoaren 18an,  Aita Guria baleontzia irekiko da. 

Horrela, Aste Santuan, besteak beste, itsas ibilbideak egiteko, Arrantzaleen museoa, Aita Guria baleontzia, Bermeoko elizak eta klaustroa bisitatzeko, prozesioak ikusteko, gure produktuekin eta giro izugarriarekin gozatzeko aukera egongo dela adierazi dute gaur egin den prentsaurrekoan Merkataritza eta Turismo zinegotziak, Irune Ormaetxeak, eta Turismo arduradunak, Bego Gangoitik.   

Ormaetxeak azaldu duenez, Bermeok badu altxor berezi bat, Gaztelugatxeko San Juan, hain zuzen be, zazpi mirari naturalen artean lehenengoa izendatutakoa 2014an eta turista asko eta asko erakartzen dituena. Izan ere,  joan den abuztuan 10.810 pertsona pasa ziren bertan kokatuta zegoen informazio gunetik. 

“Gaztelugatxeko San Juanera joateko garraio publikorik ez dagoenez asteburu eta jai egunetan, Bermeoko Udalak Aste Santuko egun hauetan Bermibusek zerbitzu hori eskaintzea erabaki du, izan ere, turismo jasangarria bultzatzeko gure herriko toki paregabe honetara garraio publikoan joateko aukera ematea garrantzitsua dela uste dugu”, adierazi du Turismo zinegotziak. 

Ormaetxeak gogoratu duenez, “herritarrekin batera Turismoko Plan Estrategikoa garatu zen eta horretan Gaztelugatxeko San Juanek Bermeoko turismoa bultzatzeko eskaintzen dituen aukerak landu beharra ikusi genuen”. “Hori lortzeko hau da hartutako neurrietariko bat eta, aldi berean, beste ekimen batzuk lantzen ari gara Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera”, gaineratu du. 

Horrela, Aste Santuko ostegunean, ostiralean, igandean eta astelehenean Bermibusek Bermeo-San Juan (11:00, 13:00, 15:00, 17:00) eta San Juan-Bermeo (11:15, 13:15, 15:15, 17:15) ibilbideak egingo ditu. Larunbatean Bermeotik 15:00etan eta 17:00etan eta San Juanetik 15:15ean eta 17:15ean eskainiko da zerbitzua. Bidai bakoitza bi euro izango da. 

Aita Guria baleontzia 

Bestalde, Irune Ormaetxeak adierazi duenez, bihar, barikuan, martxoaren 18an, irekiko da berriro Aita Guria baleontzia eta Euskal Kostaldeko Museoen hilabetea ospatzeko martxoaren 18an, 19an eta 20an sarrera dohainik izango da, bisita gidatua barne. 

Aste Santuan ere Bale Arrantzaren Interpretazio Zentroa den Aita Gurian bisita gidatuak egiteko aukera egongo da euskaraz eta erdaraz hainbat ordutan. Sarrera hiru euro da nagusientzat eta bi euro umeentzat.

Ormaetxeak gogoratu duenez, abuztuan 1.000 pertsona baino gehiagok bisitatu zuten  XVII. mendeko balezaleen bizimodua erakusten digun baleontzi  interesgarri hau. Horrela pertsona guztiei bisita hau egitera gonbidatu die. 

Horrez gain, Bego Gangoitik azaldu duenez, Arrantzaleen Museoa, Santa Eufemia eta Santa Maria elizak eta San Frantzisko eliza eta bere klaustroa bisitatzeko eta Aste Santuko prozesioak ikusteko aukera egongo da Aste Santuan. Ildo berean, pintxo-potea, itsas ibilbideak eta hainbat ekimen (kayak,  surf, eskalada, tirolina…) egiteko aukera eskainiko da Bermeon. “Bertoko produktuak eskuratzeko eta dastatzeko ere aukera egongo da giro paregabean”, gaineratu du. 

Gangoitik adierazi duenez, Bermeoko web gunean (www.bermeo.eus) eskaintza turistiko honen berri emango da eta bertan ordutegiak, lekuak, prezioa eta harremanetarako kontaktuak jakinaraziko dira. “Gainera, udan egin zen bezala, Urdaibai osoko eskaintza turistikoa eskuratu ahal izango da”, adierazi du Gangoitik. Horrez gain, Bermeoko turismo bulegoan (94 617 9154) informazioa jaso ahal izango dute herritarrek. 

Bestalde, Aste Santuko egunetan Bermeoko azokako aparkalekua goizeko 10:00etatik 22:00etara erabili ahal izango dela gaineratu du. 

Azkenez, Ormaetxeak eta Gangoitik pertsona guztiak gonbidatu dituzte Bermeo eta Urdaibai ezagutzera Aste Santuan, izan ere, “leku benetan zoragarriak ditugu eta paisaiaz, kulturaz, gastronomiaz eta aisialdiko ekimen ezberdinekin ondo pasatzeko aukera izango dute bisitatzen gaituzten guztiek”. 

 

17 / 03 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0