Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Aste Santuan Gaztelugatxen bisita gidatuak eskainiko ditu dohainik

Bermeok gozatzeko plan ugari eskainiko ditu: Gaztelugatxe, prozesioak, itsas ibilbideak, Nordic Walking, Arrantzaleen museoa eta beste asko

Bermeok eskaintza turistiko zabala eskainiko du Aste Santuan, eta gure herrira datozen bisitariek eta herritarrek naturarekin gozatzeko eta gure kultura eta nortasunean murgiltzeko aukera ugari izango dituzte: Gaztelugatxe, prozesioak, itsas ibilbideak, Nordic Walking ibilbideak, Arrantzaleen Museoa…. Gainera, Bermeoko Udalak Gaztelugatxeko ermitan informazio puntua ezarriko du eta bisita gidatuak eskainiko ditu dohainik apirilaren 13tik 28ra, apirilaren 15ean eta 23an izan ezik.

Ekimen horien berri eman du gaur prentsaurrekoan Bego Gangoitik, Turismo arduradunak. Bertan, azaldu duenez, ermitaren ordutegia 11:00etatik 18:00etara izango da. Bisita gidatuei dagokienez, 12:00etatik 17:00etara orduro eskainiko dira euskaraz (12:00, 14:00 eta 16:00) eta gaztelaniaz (13:00, 15:00 eta 17:00).

Gangoitik adierazi duenez, bisita gidatuek “Gaztelugatxeko San Juan, gure historia eta istorioak, berarekin lotuta dauden tradizio, jaiak eta ohiturak, bere ingurumen balio izugarria eta itsasoarekin, arrantzaleekin eta Bermeorekin duen lotura ezagutzeko aukera paregabea eskainiko dizkie inguruko zein kanpotik datozen bisitariei”.

“Hortaz, pertsona guztiak gonbidatzen ditugu bisita horiek egitera eta bermeotarrontzako hain berezia den Gaztelugatxerekin gozatzera; izan ere, toki zoragarria da bai bere paisaiaz gozatzeko eta baita bere historia ezagutzeko ere”, azpimarratu du.

Gangoitik gogoratu duenez, aforoa kontrolatzeko eta masifikazioa saihesteko, Gaztelugatxera joateko ezinbestekoa da erreserba egitea. Tiketak eskuratzea dohainik da eta internet bidez ( https://www.tiketa.eus/gaztelugatxe/) era erraz batean eskura daitezke. Ildo horretan, bisitariei Gaztelugatxera igotzeak ahalegin fisikoa eskatzen duela gogoratu die; izan ere, aldapak igo behar dira eta 241 eskailera; hortaz, oinetako erosoak eramatea komeni da. Era berean, ordu puntak saihestea (12:00-14:00) gomendagarria dela adierazi du.

Era berean, Gaztelugatxera autobusez joatea gomendatu du Bego Gangoitik, izan ere, laugarren urtez, Bermeotik Gaztelugatxeko San Juanera joateko autobusa egongo da. 2016an eta 2017an autobusa Bermeoko Udalak jarri duen arren, iaz eta aurten Bizkaibusek eskainiko du zerbitzua apirilaren 13tik 28ra arte eta Bermeotik 10:00etatik 20:00etara orduro Gaztelugatxera autobusa irtengo da.

Turismo aktiboa, naturala eta kultura

Era berean, Aste Santuan, Bermeon, besteak beste, itsas ibilbideak egiteko aukera izango dute Bermeora datozenek eta, besteak beste, Gaztelugatxe bisitatzeko aukera ederra eskaintzen dute itsasoari lotuta dauden turismo aktiboko enpresek.

Bestalde, Bego Gangoitik azaldu duenez, Santa Eufemia eta Santa Maria elizak eta San Frantzisko eliza eta bere klaustroa bisitatzeko, Arrantzaleen Museoa, Tribisburuko nekropoli erromatarra ezagutzeko eta Aste Santuko prozesioak (apirilak 19, barikua, 11:00 eta 18:00) ikusteko aukera egongo da Aste Santuan. Prozesioei dagokienez, Gangoitik gogoratu duenez, Bermeon kostalde guztian egiten diren bakarrak dira eta historia handiko prozesioak dira; izan ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako zaharrenetarikoak dira, orain dela 450 urte egiten baitira. Aste Santuko eguenean, barikuan eta zapatuan prozesioko pausuak ikusgai egongo dira Santa Maria elizan goizez eta arratsaldez.

Horrez gain, Arrantzaleen museoan ‘Arrainak Bermeon: izena hartu ta izena emon’ erakusketa izango da eta apirilaren 23an, 24an, 25ean eta 26an 11:00etatik 13:00era umeentzako ‘Pazkoa tailerrak’ izango dira.

Ildo berean, itsasoaz gozatzeko hainbat ekimen (piragua, stand up paddle, bela…) egiteko aukera eskainiko da Bermeon eta kirolarekin eta gure mendi eta inguru izugarriarekin gozatu nahi dutenek “Nordic Walking’ ibilbideak egiteko aukera izango dute. Gainera, “Pintxo-potean ondo pasatzeko eta Bertoko produktuak eskuratzeko eta dastatzeko ere aukera egongo da giro paregabean gure herrian”, gaineratu du.

Bermeoko Turismo arduradunak adierazi duenez, Bermeoko turismo web gunean (www.bizibermeo.eus) eskaintza turistiko horren guztiaren berri emango da; eta, bertan, ordutegiak, lekuak, prezioak eta harremanetarako kontaktuak jakinaraziko dira. Horrez gain, Bermeoko turismo bulegoan (94 617 9154) informazioa jaso ahal izango dute herritarrek eta bisitariek.

“Gainera, Urdaibai osoko eskaintza turistikoa eskuratu ahal izango da; izan ere, Bermeo, Mundaka eta Gernikako turismo bulegoek eskaintza turistiko bateratua argitaratu dute, gure eskualdeak eskaintzen dituen aukera guztien berri emateko, besteak beste, Bird Center eta Ekoetxea”, adierazi du Bermeoko Turismo bulegoko arduradunak. Ildo horretan, gogoratu duenez, “trenak eskualdea bisitatzeko aukera ederra eskaintzen du”, gaineratu du.

Azkenez, Gangoitik pertsona guztiak gonbidatu ditu Bermeo eta Urdaibai ezagutzera Aste Santuan, izan ere, “leku benetan zoragarriak ditugu; eta paisaiaz, kulturaz, gastronomiaz eta aisialdiko ekimen ezberdinekin ondo pasatzeko aukera izango dute bisitatzen gaituzten guztiek”.

 

10 / 04 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0