Albisteak

Albistea

Lagunartean euskara praktikatzeko prest dator Bermeoko Berbalagun

Urrian abiaraziko dute beste batez egitasmoa. Hainbat ekimen prestatu dituzte aurtengo eskaintzaren barnean.

Bermeoko Udaleko Euskara Sailak antolatutako Berbalagun egitasmoa urrian martxan jarriko dute. Udaletik azaldu dutenez, datorren hilabetean zabalduko dute izena emateko epea; berbalaguna izan nahi duenak urte osoan edukiko du izena emateko aukera.

Berbalagunekin eskolatik eta euskaltegietatik kanpo lagunartean euskaraz hitz egiteko eta praktikatzeko aukerak eman gura zaizkie herritarrei. “Aukera paregabea da euskara praktikatu nahi duen edozeinentzat, maila altua edo apalagoa badu ere”. Arduradunek azaldu dutenez, urrian  hasiko dira berbalagunen taldeak elkartzen; iazko partaideekin dagoeneko lau talde osatu dituztela jakinarazi dute.

“Urtez urte aberasten” doan egitasmoa dela azaldu dute Berbalagunekoek. Edozein herritarrek parte hartu dezake bertan; euskara ikasten hasi berriak, euskaraz jakin baina hobetzeko gogoa dutenak edota euskaraz bizitzeko aukera gehiagoren bila dabiltzenak egin daitezke berbalagun. Hala izanik “oso harrera ona” duen proiektua dela diote arduradunek, “parte hartzaileak oso pozik dauden seinale”.

Azaldu dutenez, berbalagunen taldeak bost edo sei kidez osatuta egoten dira. Taldeak osatzerakoan partaideen egutegia, adina eta zaletasunak hartzen dituzte kontuan. Berbalaguneko kideek beraien artean erabakiko dituzte hizketaldi saioak non eta noiz egin: mintzataldeak kafetegian, tabernaren batean edo, besterik gabe, kalean geratu daitezke. Arduradunen berbetan Berbalagun “ez da eskola bat”, “aisialdian egiteko egitasmoa” baino. “Parte hartzeko euskaraz berba egiteko gogoa baino ez da behar”.

Bi motatako berbalagunak izena ematea gura dute arduradunek. Horiek euskara praktikatu nahi duten pertsonak eta bide hori egiten laguntzen dutenak dira; bidelariak, hain zuzen ere.

Jarduera osagarriak. Mintzataldeekin batera Berbalagunek “euskal kultura ezagutu eta euskara praktikatzeko” beste hainbat jarduera eta ekintza antolatzen ditu ikasturtean.  Esate baterako bidaietako kronikak, eskulanak edota dantza tailerrak egiten dituzte. Aurten kirolaren edo naturaren inguruko jarduerak egiteko aukera berreskuratu dute, “iazko arrakasta ikusita”.

Gurasolagun ekimena ere berriz abiaraziko dutela nabarmendu dute. Familientzako berbataldeak osatuko dira bertan, eta gurasoek eta umeek elkarrekin euskaraz hitz egiteko jolasak, txangoak eta tailerrak egingo dituzte. Asteburu pasak ere egingo dituzte, “urtean bitan gutxienez”. Horrela, “gurasoen eta seme-alaben arteko transmisioa” indartu gura dute, eta aldi berean “gurasoen artean euskara praktikatzeko eta erabiltzeko ohiturak eta gaitasuna indartu”.

Lehiaketa. Berbalagun lehiaketak ere berriz egingo dituzte aurtongo ekimenean. Udazkenean, neguan eta udaberrian antolatuko dituzte lehiaketa horiek; edozein herritarrek parte hartu ahalko du bertan, berbalaguneko kide izan ala ez. Galderak Berbalagun aldizkarian argitaratuko dituzte; erantzunak eta udalerriko hainbat tokitan jarritako postontzietan utzi beharko dira, edo sare sozialen bitartez erantzun. Lehiaketa bakoitzaren irabazleak Errigorako otzara jasoko du.

Izena eman nahi duenak Bermeoko AEK (609 462 018) eta Gotzon Garitaonaindia (688 651 491) euskaltegietara, Hizkuntza Eskola Ofizialera (94 618 7091) edo Bermeoko Udaleko Euskera Sailera (94 617 9122) deitu dezake. Horiez gain, Bermeoko Berbalaguneko dinamizatzaile den Marimar Hernandezekin jar daitezke kontaktuan, 607 609 580 zenbakira deituta.

Amaitzeko, egitasmoaren sare sozialen bitartez izena emateko aukera dute interesatuek. Bertan aurkituko duten inprimakia bete beharko dute. Parte hartzea doakoa dela nabarmendu dute antolatzaileek.

BUSTURIALDEKO HITZA

27 / 09 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0