Albisteak

Albistea

Preso gaixoen eskubideen aldeko auto karabanak Busturialdea zeharkatuko du barikuan

Kepa Arronategi gernikarra eta larriki gaixo dauden beste presoak etxera ekartzeko aldarrikatzeko ekimen berezia egingo du Gernika-Lumoko Sarek. Arronategi espetxeratu zutenetik 22 urte bete ziren pasa den domekan, eta horren harira Busturialdeko herritarren artean gaixotasun sendaezinak dituzten presoen etxeratzea eskatuko dute.

Arronategi Almeriatik Zaragozako Zuera espetxera lekualdatu dute aurten. Hala izanik “lehenengo graduko erregimen zorrotzean beti, bizi-baldintza eskasetan, dispertsaturik, familia eta ingurutik urrundua” dagoela etxetik 345 kilometrotara aurkitzen dela nabarmendu dute Sarekoek.

Etxetik urrun egoteak Arronategiren osasunean duen eragina “ukaezina” dela azaldu dute, eta hori “urgentziazko gaia” dela. “Gaixo dagoela kontutan izanik Arronategik etxean egon behar luke, etxekoekin, espetxeko lau hormak ez direlako inoiz izango bere egoera artatzeko leku egokia”.

Hori salatzeko eskualdea zeharkatuko duen ekimena egingo dute barikuan. Prestatzen ari diren autokarabanak Bermeo, Mundaka, Busturia eta Gernika-Lumon geldialdiak egingo ditu; herritarrei preso gaixoek bizi duten egoera azaltzen duten eskuorriak banatuko dizkiete.

Amaitzeko, Gernika-Lumoko ospitalea aukeratu dute agerraldia egiteko. Herritarren artean ezagutzera eman eta jorratu gura duten gaia preso gaixoak izanik, ospitalea ekimenari amaiera emateko leku aproposa dela diote Sarekoek.

Dispertsioa ezagutzera emateko dinamikak. Gernika-Lumoko Sarek bere lan dinamikari buruzko mintegia eskaini zuen joan den astean. Bertan azaldu zutenez, sare herritarraren helburu nagusia “Gernika euskal presoen dispertsioaren aurkako herri bezala aktiboki agertzea” da. Hori lortzeko “presoen eskubideen aldeko dinamikak piztu” dituzte; “aktibazio soziala bultzatu” gura dure ahalik eta eragile gehienekin elkarlanean arituz.

Gernika-Lumoko Sareren dinamika elkarren artean gurutzatzen diren hiru lan esparrutan banatzen dela azpimarratu zuten: Sarek egindako ekimenen bitartez norbanakoak inplikatzea, herriko eragile edo taldeekin elkarlanean aritzea eta dispertsioa ezagutzera emateko tresnak sortzea.

Barikuan egingo duten autokarabana “ikasturteko lehen ekimena” izango dela zehaztu dute Sarekoek. Etorkizunera begira, beste hainbat egitasmo prestatzen ari direla aurreratu dute; esaterako, SareOn irratsaioa egingo dute Biztu Irratiagaz batera, eta Giza Eskubideen Nazioarteko egunean Astra Zinemagaz batera film bat eskainiko dute. Gernikako bonbardaketaren urteurrenean “memoriagaz lotutako ekimen berri bat” egingo dutela ere zehaztu dute, baita “30 urteko dispertsioaren ondorioak erakutsiko dituen argazkigintza proiektu bat ere”.

Auto karabanaren ibilbidea:

  • Bermeo.
    • 17:00. Futbol zelaia.
    • 17:30. Lamera.
  • Mundaka.
    • 18:00. Goiko kalera heldu, eta hortik udaletxerako bidea.
  • Busturia.
    • 18:20. Abiña.
    • 18:40. Altamirako plaza.
  • Gernika-Lumo.
    • 19:00. San Kristobal plaza.
    • 19:30. Agerraldia ospitale aurreaN

BUSTURIALDEKO HITZA

17 / 10 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0