Albisteak

Albistea

Madalen Egunean ez da jairik egongo

Bermeok, Elantxobek, Ibarrangeluk eta Mundakak neurri bereziak hartuko dituzte indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak behar bezala bete daitezen

Jende pilaketak eta taberna, terraza eta txokoetako aforo eta bertan egon daitezkeen jarrerak zorrotz kontrolatuko dira

Lau udalerriek herritarrei erantzukizunez jokatzeko eta ahalegin berezia egiteko eskatzen diete

Bermeon, 2020ko uztailaren 17an.- Bermeo, Elantxobe, Ibarrangelu eta Mundakako Udalek mezu bateratua bidali dute gaur goizean: Madalen Egunean ez da jairik egongo. Indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriek ezinezkoa egiten duten herritarren segurtasuna bermatzea eta, hau dela, jairik ez egitea erabaki dute.

Lau udalerriek neurri zorrotzak hartuko dituzte legea behar bezala bete dadin eta, gainera, Ibarrangeluk eta Elantxobek herrirako sarrerak itxiko dituzte egun horretan. Izan ere, baimenduak eta herritarrak bakarrik sartu ahal izango dira bi kasuetan. Bizkaibus zerbitzuan ere aldaketak egongo dira egun horretan. Bermeoko Udalak ere, bermeotarrentzako urteko jai garrantzitsuenetako bat dela kontutan hartuz, Madalen bezperan eta egunean bertan kontrola areagotuko du txoko, taberna eta terrazetan segurtasun eta osasun neurriak betetzen direla ziurtatzeko.

COVID-19ak sortu duen osasun krisiak ekarri dituen neurriak betetzea beharrezkoa da eta lau udalerriek izandako bileren ostean, aho batez erabaki dute inolako jairik ez egitea eta osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea. Ez da erabaki erraza izan, ezta gutxiago ere. Egungo egoerak ez du ahalbidetzen Madalen Eguna urtero bezala ospatzea, izan ere, Bermeon, Elantxoben, Ibarrangelun eta Mundakan sortzen diren jende pilaketak eta jaigiroak ezinezkoa egiten du bertaratzen direnen osasuna eta segurtasuna bermatzea.

Urteetako ohiturari eutsiz eta protokoloak agintzen duenari jarraituz, Bermeok, goizean zehar teila botako du Izarora. Herriko alkate Aritz Abaroak Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko eraikineko teila jaurtikiko du uretara, “honaino heltzen dira Bermeoko ituginak” ozen esanez. Antzinatik egin ohi denez, Izaro uhartearen ipar-ekialderantz dauden mugak adieraziko dira honela. Aurretik, hori bai, Bermeoko Udalak herriko banderaren eta ikurrinaren jasoera egingo du uhartean bertan. Aurten, ordea, ez da segizio ofizialik egingo eta udal korporazioak ez du Elantxobera eta Mundakara bisitarik egingo.

Koronabirusak sortutako egoera honetan, aukeratutako teila sinbolismoz betea izango da aurten. Bermeoko Udalak Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko eraikinaren teila bat aukeratu du gizarte zerbitzuetan lan egiten duten langileei omenaldi xumea egiteko. Izan ere, gizarte zerbitzuen garrantzia eta lehenengo lerroan lan egiten duten pertsonen jarduna goraipatu nahi da ekintza honen bitartez.

Neurri bereziak:

Esan bezala, egun honetarako neurri bereziak hartuko dira. Elantxobeko Udalak lurreko eta itsasoko sarrerak itxiko ditu egun horretarako. Honela, herrian sartzeko baimen berezia beharko da edo bertako herritarra izan. Gainera, Bizkaibus zerbitzuak ere ez du Elantxoben geldialdirik egingo (ez autobusa hartzeko ezta autobusetik beheratzeko ere).

Ibarrangeluk ere, herrirako sarrerak itxiko ditu eta, hemen ere, baimenduak (pase berezia dutenak) edota herritarrak soilik sartu ahal izango dira. Gainera, Bizkaibus zerbitzuaren geralekuak aldatuko dira. Izan ere, autobusak Arriderra eta Akordako kurtzean geratuko dira. Hori bai, ibarrangelutarrentzat furgoneta eta taxi zerbitzua egongo da. Herrian sartzeko baimenak Elantxobe eta Ibarrangeluko udalek kudeatuko dituzte eta sarreretako kontrola Ertzaintzak burutuko du.

Mundakak, bestalde, lurreko eta itsasoko sarrerak kontrolatuko ditu, jende pilaketak ekiditeko. Izan ere, jende pilaketak lau udalerriek modu berezian kontrolatuko dituzte, indarrean dauden segurtasun eta osasun neurriak betetzen direla bermatzeko (egiten diren jai alternatibo guztiak kontrolatuko dira eta, segurtasun eta osasun neurriak betetzen ez direla ikusten bada, jendea sakabanatuko da). Gainera, gogorarazten da maskarilaren erabilera behar-beharrezkoa dela eta gazteen lokalak irekitzeko baimenik ez dagoela.

Bermeok, bestalde, tabernetako, terrazetako eta txokoetako aforoak eta bertako portaerak zorrotz kontrolatuko ditu (txoko eta tabernetara zirkularra bidaliko da indarrean dauden neurrien berri emanez). Jarrera desegokirik ikusiko balitz, multak ezarriko dira. Herriko udaltzaingoak kontrol bereziak egingo ditu 21 gauean eta 22an egun guztian zehar ere. Oinezko patruilen bidez osasun eta segurtasun neurriak betetzen direla egiaztatuko dute. Honetaz guztiaz gain, Bermeoko tabernek Madalen Egunerako zuten baimen berezia bertan behera geratuko da eta ordutegi normalarekin jardun beharko dute.

Bermeo, Elantxobe, Ibarrangelu eta Mundakako udalek herritarrei erantzukizunez jokatzeko eta ahalegin berezia egiteko eskatzen diete, guztion osasuna baitago jokoan. Gainera, egun horretarako ezer berezirik ez egitea eskatzen da, ez baita Madalen Egunean jairik egongo.

17 / 07 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0