Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak bolumen handiko hondakinak biltzeko zerbitzuaren gaineko informazio-kanpaina berria abiarazi du

-Bermeoko alkate Aritz Abaroak bermeotarren kolaborazioa eskatu du, “herri garbi, antolatu eta atsegin bat izateko” 

-Kanpaina honen bidez bolumen handiko hondakin hauek nola eta noiz utzi behar diren adierazi da eta, informazioa hobeki zabaltzeko, etxez-etxe eskuorri bat banatuko da

-Besteak beste, zerbitzua eskatzeko telefono zenbakia aldatu (647 349 533 da berria) eta Whatsapp sistema berria martxan jarri dela jakinarazi da

Bermeon, 2020ko urriaren 28an.- Bermeoko Udalak bolumen handiko hondakinak biltzeko zerbitzuaren gaineko informazio-kanpaina berria abiarazi du gaur. Izan ere, etxez-etxe eskuorri bat banatuko du, hondakin hauek nola eta noiz bota behar diren jakinarazteko. Gainera, zerbitzua eskatzeko telefonoa aldatu dela ere adierazi da. Bermeoko alkate Aritz Abaroak herritarren kolaborazioa eskatu du, “hondakinak modu egoki batean botatzeko eta, honela, herri garbi, antolatu eta atseginagoa izateko”.

Herritarrak, orain arte bezala, hiru pausu egin beharko ditu bolumen handiko hondakinak uzteko. Lehenik eta behin, 647 349 533 telefonora deitu edo Whatsapp-en bidez mezua bidaliko du. Honela, zer bota eta non utziko duen adieraziko du. Hau egiteko azken eguna aste bakoitzeko astelehena izango da. Ondoren, astearte gauean, adierazitako tokian utzi beharko du hondakina. Hori bai, biltzeko erraza izango den tokia aukeratu beharko du, langileei erraztasunak emateko. Azkenik, kamioia bolumen handiko hondakinaren bila asteazken goizean pasako da. Gogorarazten da erabat debekatuta dagoela hondakinak edozein egunetan ateratzea, edozein tokitan uztea eta abisurik ez ematea.

Bermeo garbi bat izatea da Udal Gobernuaren helburu estrategikoetako bat. Hala gogorarazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak: “legealdi hasieratik esan genuen bizitzeko atsegina den Bermeo garbi bat nahi genuela. Bada, bolumen handiko hondakinak behar bezala botatzea ezinbestekoa da helburu hori lortzeko. Horretarako, herritarren kolaborazioa behar dugu. Oso garrantzitsua da definituta dauden hiru urratsak behar bezala egitea”.

Eta gehitu du: “lan hori errazteko eskuorri bat bidaliko dugu etxe guztietara eta kartelak jarriko dira herrian zehar, inork ere zalantzarik izan ez dezan. Hiru pausu erraz dira eta seguru gaude bermeotarrek oso ondo egingo dutela. Elkarbizitza egoki bat izateko ezinbestekoa auzokidea errespetatzea eta, noski, horretarako, hondakinak dagokien egunetan atera eta leku egokietan utzi behar dira”.

Gainera, gogorarazi du pausu hauek ez jarraitzea legez kanpokoa dela. “Hondakinak ezin dira edonoiz, edonon eta edozelan utzi. Legez kanpokoa da eta jarrera ezegokiak ikusten badira, isunak jarriko dira”.

28 / 10 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0