Albisteak

Albistea

Udalak Bermeoko Haurreskolako lanak bukatu ditu

-1929an egin zen eraikinak hezetasun arazoak zituen eta, besteak beste, hauek konpontzeko eta eraikinaren kanpoko aldea hobetzeko 256.397,97 euro (BEZa barne) bideratu dira

Bermeon, 2021eko urtarrilaren 25ean.- Bermeoko Udalak Bermeoko Haurreskolako lanak bukatu ditu. Izan ere, 1929an egin zen eraikinak hezetasun arazoak zituen eta hauek konpontzeko eta eraikinaren kanpoko aldea hobetzeko 256.397,97 euro (BEZa barne) bideratu dira. 

Eraikina Ricardo de Bastia arkitektoak egin zuen duela 92 urte eta Art Decó ñabardurak ditu. Hala ere, denboraren joan-etorriekin hezetasun arazoak izaten hasi zen. Hau honela, lanak aurrera eramatea erabaki zen. Besteak beste, teilatuaren iragazgaizte-lanak eta ipar hormaren konponketa egin dira. Halaber, eraikin osoa margoztu da kanpoko itxura hobetze aldera eta elementu diskordante batzuk ere kendu dira. Gainera, eraikinaren terraza biak ere berriztu dira. Azkenik, zorroten berriak eraiki eta euri-urak bideratu dira eta iparraldean drainatze bat egin da futbol zelaitik zetorren hezetasuna kentzeko.

“Bermeok eraikin eder asko ditu eta herriko haurreskola hauetako bat da, zalantza gabe. Beste garai bateko altxorra dela esango nuke. Lan hauek bideratu behar ziren eta ahalegin handia egin da ahalik eta egoera hoberenean uzteko eta eskaintzen diren zerbitzuak bermatzeko. Bertako erabiltzaileek lan hauek asko nabarituko dituzte. Gure helburu estrategikoetako bat da bizitzeko atsegina izango den Bermeo baten alde egitea eta, obra hauei esker, helburu horretan urrats bat gehiago eman dugu”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

25 / 01 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0