Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak ez du Madalen egunean ohikoa duen teilaren jaurtiketa egin pandemiak eragindako osasun egoeraren erruz

Udaleko bozeramaileek, alkateak berak eta kultur zinegotziak, ohikoa den itsas-ekitaldia bertan behera uzteko erabakia hartu dute

Jaurtitzekoa zen Txindurza baserriko teila, Bermeoko Arrantzaleen museoari dohaintzan ematea adostu dute dagokion agiriaren sinaduraz

Bermeon, 2021eko uztailaren 22an.- Bermeoko Udalak uko egin dio Madalen egunean ohikoa duen teila jaurtiketari. Aritz Abaroa alkateak, gaur eskainitako prentsaurrekoan azaldu duenez, COVID-19-ak eragindako azken egunetako kutsatze maila kezkagarriak erabaki hori hartzera bultzatu du. Pandemiaren arduratzeko datuen eboluzioaren aurrean, herritarrei erantzukizunez jokatzeko eta egun berezi honetan jairik ez dela egongo gogorarazi die.

Madalenetan normalean egiten diren ekintzak bertan behera utzi dira beste behin. Udalbatzak ez du segizio ofizialik egin eta ez da alkate soinurik jo egunari hasiera emateko. Gainera, ez da ez Elantxobera ezta Mundakara bisitarik egin. Eta hori gutxi balitz, urteetako ohitura kasik aldaezina, alegia teilaren jaurtiketa, bertan behera gelditu da. Horrela adostu dute Udaleko bozeramaileek, alkateak berak eta kultur zinegotziak bizi dugun osasun egoeraren aurrean.

Itsasoratuko ez den teila sinbolismoz beteta dago gainera. Aurten, 500 urte bete dira Juan Sebastian Elkanok lehen mundu bira itsasoz burutu zuenetik. Getariako semearekin Bermeoko zazpi tripulatzaile izan ziren. Guztietatik, bi herritarrek osatu zuten munduko lehen itzulia, Akurio kontramaisuak eta Pedro de Chindarza txo-ak. Hori horrela, txo-aren jaiotetxea zenaren eta oraindik Almike auzoan zutik dagoen Txindurza baserriko teila dohaintzan ematea adostu du Udalak dagokion agiriaren sinaduraz.

Madalen egun historikoa da aurtengoa, teilaren itsas-ekitaldia bertan behera uztea urteetan ez delako ezagutu. Baina egungo egoerak, azken egunetako datu kezkagarriak medio, ezinezkoa egiten dute jaia modu normalean ospatzea eta, hau dela eta, ohiturei uko egitea erabaki du Udalak. “Tradizioari eustea garrantzitsua da baina herritarren osasuna eta segurtasuna bermatzea gauza guztien gainetik dago. Horregatik, aurten ere, ikusita azken egunetako pandemiaren datu kezkagarriak, ez dugu inolako alternatibarik izan. Sinbolismoz betetako teila ezin izan dugu bota eta ondorioz, ezin izan dugu Izaroko uretan “honaino heltzen dira Bermioko itxuginek” hitzak plazaratu. Hitz horien ordez, mundu biraren eta bermeotarren omenaldi legez,  “mundu zabaleraino heltzen die Bermioko Itxuginek” hitzak helarazten dizkizuet” adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.  

“Gainera, bermeotarren nortasunaren erreferentea den Arrantzaleen museoan bota gabe  geratu den teila, une historiko honen testigu izango da betirako. Eta era berean, lehen mundu biran parte hartu zuten zazpi bermeotarrentzako gure omenaldi xumea. Bermeotarrei mesedez eskatzen diegu erantzukizunez jokatzeko, guztion osasuna baitago jokoan” gaineratu du alkateak.

23 / 07 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0