Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Adikzioen Prebentziorako I. Tokiko Plana sortzeko lanari ekin dio

- “Gure helburu estrategikoetako bat da mendekotasunen prebentzioa lantzea. Gizartearen arazo bat da eta gizarte bezala erantzuna eman behar diogu”, aipatu du Bermeoko alkate Aritz Abaroak

- Proiektu honek hainbat fase izango ditu eta herritarrekin eta herriko eragile askorekin elkarlanean landuko da

Bermeon, 2021eko urriaren 21ean.-  Bermeoko Udal Gobernuaren helburu estrategikoetako bat da adikzioen prebentzioa lantzea. Bada, egunotan aurrerapauso garrantzitsua emango da zentzu honetan. Izan ere, Udalak 2021-2025 aldirako Adikzioen Prebentziorako I. Tokiko Plana sortzeko proiektua martxan jarri du. Proiektu honek hainbat fase izango ditu eta herritarrekin eta herriko eragile askorekin elkarlanean landuko da. Informazioa iturri ezberdinetatik jaso, ordenatu eta aztertuko da eta azken pausua izango da Bermeoko Udalak Plana bera onartzea.

“Gure helburu estrategikoetako bat da mendekotasunen prebentzioa lantzea (alkohola eta beste substantzia adiktibo batzuk, tabakoa, ausazko jokoak, mugikorrarekiko eta sare sozialekiko mendekotasuna…). Asko kezkatzen gaituen gai bat da. Gure gizartean, tamalez, adikzioek pisu handiegia dute eta egiten ditugun programa ezberdinetan ikusten dugunez eta herritarrek beraiek aipatzen digutenari jarraituz, garbi genuen Tokiko Plan hau egin behar genuela. Lanketa oso luzea izango da, jende askorekin egingo dena eta gure helburua da ahalik eta eragile gehien inplikatzea. Gizartearen arazo bat da eta gizarte bezala erantzuna eman behar diogu”, aipatu du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

Mendekotasunak konplexutasun handiko giza fenomenoak dira. Gizartea bera bezala, etengabe aldatuz doaz eta, hori dela eta, haiei aurre egiteko formula bakar eta estankoek ez dute balio. Dinamikoak eta malguak izan behar dute. Udalak, bere helburu estrategikoei jarraituz eta hartutako konpromisoak betez, Adikzioen Prebentziorako I. Tokiko Plana garatzeko urratsak ematen hasi da eta ahalik eta herritar eta eragile gehien inplikatuko ditu.

Esan bezala, Tokiko Plana garatzeko fase ezberdinak egingo dira:

- Proiektuaren plangintza.

- Udalerriko errealitatearen diagnostikoa.

- Bildutako informazio-prozesaketa.

- Tokiko Planaren ildo, estrategia, jarduera eta ateratako ondorioak batzea.

- Plana editatu eta Osoko Bilkuran onartu.

Proiektuaren plangintzari dagokionez, informazioa biltzeko tresnak sortu dira: datozen egunotan banatuko den ikasleei zuzendutako galdetegia, eta aurrerago martxan jarriko diren herritarren partaidetza galdetegia, eztabaida-taldeetan parte hartuko duten ordezkari desberdinei zuzendutako galdetegia… Gainera, aurrerago ere, besteak beste, Udaleko Prebentzio Mahaia eta Bermeoko arlo eta sektore desberdinetako ordezkarien eztabaida-taldeak eratuko dira.

Bestalde, datozen egunetan Bermeoko errealitatearen diagnostikoa egiteko ekintza oso garrantzitsu bati hasiera emango zaio: udalerriko ikasleei zuzendutako galdetegiari, alegia. Bermeoko errealitatea ezagutzeko, ezinbestekoa da eskola-adineko biztanleengana jotzea; izan ere, frogatuta dago gehiegizko kontsumoekin eta mendekotasunekin lotutako arrisku jokabideak izateko aukerak izugarri handitzen direla adin-tarte horietan. Bada, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailatik hasi eta Lanbide Heziketako Goi-Mailako zikloetarainoko ikasleek galdetegi hau egingo dute (guztira, 1.155 ikasle).

Ikasle bakoitzak galdetegia era anonimoan bete eta gero euren kontsumo, pentsamendu, ezagutza eta jarreren inguruko informazioa lortuko da, bai droga legalen zein ilegalen ingurukoa eta baita substantziarik gabeko adikziora eraman dezaketen jokabideen ingurukoa.

Galdetegiaren helburuak dira, kontsumoak (substantziadunak eta substantzia gabeak), jarrerak eta portaerak, testuinguruari buruzko informazioa, arrisku eta babes faktoreak, iritziak etab. biltzea eta aztertzea. Errealitatearen diagnostikoa egiteko gainontzeko pausuak egin ahala aurkeztuz joango da Udala.

Bildutako informazio guztia prozesatzeko lehenengo datuen bilketara arte itxaron beharko da. Gainera, datu hauek guztiak jaso ostean kontrastatuko dira, ahalik eta zehatzenak izan daitezen. Hau guztia egindakoan, Bermeoko Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plana (2021-2025) idatzi beharko da. Azken pausua izango da Bermeoko Udalak Plana bera onartzea.

“Gizartearen erronka handienetakoa da adikzioei aurre egitea. Esan bezala, gizarte bezala erantzunak aurkitu behar ditugu. Gure zeregina da lanketa hau ahalik eta hoberen koordinatzea eta emaitza onak ateratzea, konpromiso hori hartu genuen eta horretan lan egingo dugu” bukatu du Abaroak.

21 / 10 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0