Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak hainbat ekintza antolatu ditu gabonetara begira ‘Nik, Bermeon’ kanpainaren barruan

  • Besteak beste, Alde Zaharra girotzeko musika, Berton elkartearekin batera antolatutako barrakak, otzara zozketa, Urremendi Landa Garapena Elkartearekin eta Bermeo Tuna World Capital-elin (BTWC) elkarlanean egindako maridajea… antolatu dira

Bermeon, 2021eko abenduaren 20an.-  Bermeoko Udalak gabonak girotzeko eta herriko ekonomia berraktibatzeko asmoz hainbat ekintza antolatuko ditu: Alde Zaharra girotzeko musika, Berton elkartearekin batera antolatutako barrakak, otzara zozketa, Urremendi Landa Garapena Elkartearekin eta Bermeo Tuna World Capital-elin (BTWC) elkarlanean egindako maridajea… helburua da bermeotarrei eta kanpotik datozen bisitariei egun berezi hauetarako aukera ezberdinak eskaintzea. Ekintza hauek guztiak ‘Nik, Bermeon’ kanpainaren barruan garatuko dira.

“Udal gobernu honen helburu estrategikoetako bat da herriko ekonomia berraktibatzea eta hori lortzeko ekimenak antolatzea. Helburu honekin jarri genuen martxan iaz ‘Nik, Bermeon’ kanpaina. Bada, gaur aurkezten ditugun ekintzak hori bilatzen dute. Noski, baita egun berezi hauek alaitzea ere. Noski, indarrean dauden osasun eta segurtasun neurri guztiak beteko dituzte. Modu seguruan dibertitzea da helburua”, aipatu du Bermeoko Merkataritza eta Turismo zinegotzi Kepa Zumetak.

Abenduaren 17tik urtarrilaren 6ra bitartean, Bermeoko Alde Zaharreko Intxausti, Nardiz tar Jon, Kresentzio Etxebarri eta Erremedio kaleetan eta Goiko Plazan Gabonetako musika jarriko da giroa alaitzeko. Bestalde, abenduaren 13tik abenduaren 31ra bitartean Udal Azokan egindako erosketa bakoitzagatik 15 gabonetako otzaren zozketan parte hartzeko aukera ere egongo da. Otzara bertoko produktuekin eta Bermeo Tuna World Capital-en produktuekin egongo da osatuta.

Bestalde, Berton elkartearekin batera, Bermeoko Udalak barrakak jarriko ditu abenduaren 22tik urtarrilaren 10era arte. Lameran ohe elastikoak eta Dragoiaren barraka jarriko dira, besteak beste. Ordutegia hurrengoa izango da:

-          Astean zehar : 16:30-21:30

-          Jaiegunetan: 12:00-14:00-16:30-22:30

Bidai bakoitzeko prezioa 2,50€ izango da eta abenduaren 27an eta urtarrilaren 3an eta 10ean prezio herrikoia jarriko da (1,50€). Gainera, herriko saltokietan euro bateko deskontu tiket-a lortzeko aukera ere egongo da 10 euroko erosketa bakoitzagatik (Udalak hartuko du beregain deskontu hori). Guztira 1.500 tiket egongo dira eskuragarri.

Azkenik, abenduaren 29 eta 30rako  Bermeoko Udalak, Bermeo Tuna World Capital-ek eta Urremendi Landa Garapena Elkarteak ekimen berezia antolatu dute. Izan ere, Bermeoko Azokan maridajea prestatu dute. Bertaratzen direnek, 5 euroren trukean, Remenetxe Jatetxeko sommelier Jon Andoni Rementeriaren eta Oker Tabernako sukaldari Itziar Madariagaren eskutik hegaluzez egindako 4 pintxoz eta Urdaibaiko txakolinaz gozatu ahal izango dute. Hau guztia, gainera, Aiama-k musikarekin girotuko du. Hori bai, ekintza honetan parte hartzeko Bermeoko Turismo bulegoan izena ematea beharrezkoa izango da eta Covid-19 ko pasaportea eskatuko da.

20 / 12 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0