Albisteak

Albistea

Bermeoko Udala ‘Bermeoko Mapa Morea’ lantzen hasiko da astelehenetik aurrera

-Ekimen honen helburua da genero-Ikuspegitik udalerriaren hiri-diagnostikoa egitea hiri-plangintzan eta diseinuan aintzat hartzeko

-Lau saio egingo dira Kultur Etxean urriaren 3, 10, 17 eta 24an eta irekiak izango dira

Bermeon, 2022ko irailaren 29an.- Bermeoko Udala ‘Bermeoko Mapa Morea’ lantzen hasiko da astelehenetik aurrera herriko eragile eta herritarrekin batera. Ekimen honen helburua da genero-Ikuspegitik udalerriaren hiri-diagnostikoa egitea hiri-plangintzan eta diseinuan aintzat hartzeko. Mapa Morea lantzeko 4 saio egingo dira Bermeoko Kultur Etxean urriaren 3, 10, 17 eta 24an eta erabat irekiak izango dira.

Prozesu honetan ez dira hirigintzan ‘adituak’ behar, Bermeon bizi diren ‘arituak’ baizik. Beraz, herriko edozein auzotan bizi edota bertako kaleetan orduak ematen dituen emakume (edo gizonezko) orori zuzenduta daude saioak, adina, jatorria eta bizi-baldintzak edozein direla ere.

‘Puntu Beltzen Mapa’ bat baino gehiago da ‘Mapa Morea’. Era honetako mapen helburua hiri-ingurunea batez ere emakumeen segurtasun-ezaren ikuspegitik berrikustea izan ohi da. Baina udalerria ‘betaurreko moreekin’ aztertzeak beste eremu asko ukitzen ditu, gehienetan nahikoa aintzat hartzen ez direnak hiri-plangintzan eta diseinuan. Bermeo hainbat ardatzen arabera aztertzea proposatu da, espazio publikoen eta ekipamenduen alderdi negatiboez gain, aldi berean positiboak ere jasoko direlarik.

Urrian egingo diren 4 saioetan, alde batetik, hainbat udal teknikari eta ordezkarik formakuntza eskaini eta parte-hartzea sustatuko dute. Bestetik, Bermeoko Udalak ‘Mapa Morearen’ informazioa kontuan hartuko du hiri-plangintzan eta hurrengo proiektuetan.

Datozen asteetan aurrez aurreko lau lan-saio egingo dira. Gainera, tarte bat zabalduko da online parte-hartzerako. Saioak Kultur Etxean egingo dira, 17:30ean, erderaz, eta 19:00etan, euskaraz. Honako egutegia aurreikusi da:

- Urriak 3: udalerriaren azterketa, segurtasunaren, irisgarritasunaren eta mugikortasunaren ikuspegietatik.

- Urriak 10: udalerriaren azterketa, ongizatean, elkarbizitzan, zainketetan eta kontziliazioan oinarritua.

- Urriak 17: herriko hainbat espazio eta eraikin publikoen diagnostiko osoa Genero-Ikuspegitik.

- Urriak 24: epe laburrera Bermeon garatuko diren proiektuei ekarpenak Genero-Ikuspegitik.

Saioetara agertzeko aukerarik ez dutenentzako galdetegi digital bat ere prestatu da.

29 / 09 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0