Albisteak

Albistea

Eusko Label Ligako traineruek Bermeo Hiriko Bandera Avia Sari Nagusia lehiatuko dute zapatuan

Lau txandatan banatuko dituzte estropadak: Eusko Label Ligako lehen zortzi ontziak lehiatzeagaz batera Euskotren Ligako eta Eusko Label Ligako kanporaketen lehen jardunaldiak jokatuko dituzte.

Bermeoko urek “klasiko bat” hartuko dute zapatuan. 37. urtez lehiatuko duten Bermeo Hiriko Bandera Avia Sari Nagusiak Eusko Label Ligako azken astea hasiko du.

Gaur goizean Bermeoko Arrantzaleen Museoan egindako aurkezpenean Aritz Abaroa alkateak adierazi duenez, herrikoentzat “berezia” den estropada da. “37 urte daramatzagu estropada hau prestatzen. Gure betiko kirol bat balioan jartzen duen estropada da, eta urtez urte aurrera eraman dugun kirol ekimen bat da, gero eta indar gehiago hartzen joan dena”.

Eusko Label Ligako azken txanpako estropada izan arren, liga erabakitzeke dago oraindik, eta beraz zapatua emozio handiagaz lehiatuko den estropada izango dela aurreratu du Agustin Aranburu Urdaibai Aviako presidenteak.

Gaur gaurkoz, Orio Babyauto aurkitzen da sailkapen orokorreko lehen postuan, 195 puntugaz. Bere atzetik daude Go Fit Hondarribia eta Santurtzi Iberdrola, 180 eta 179 puntugaz, hurrenez hurren. Urdaibai Avia bermeotarra berriz, bosgarren postuan aurkitzen da, 148 puntugaz.

Lau txandatan banatuta, zapatuan 18:00etan hasiko dituzte estropadak. Lehenengo txandan Euskotren Ligako igoera eta jaitsiera playoff-en lehen jardunaldia lehiatuko dute. Hondarribia Bertako Igogailua, Hibaika Jamones Ancin eta Zumaia Salegi Jatetxea izango dira bertan parte hartuko duten traineruak.

Erlojupeko formatuan, 2.778 metroko distantzian bi luze eta ziaboga bat eginez gauzatuko dituzte kanporaketak. Trainerak minutu bateko tarteagaz irtengo dira.

Bigarren txandan Eusko Label Ligako kanporaketen lehen jardunaldiari ekingo diote. Berriz erlojupeko formatuan, 5.556 metroko distantzian lau luze eta hiru ziaboga egin beharko dituzte traineruek. San Pedro, Zarautz Babyauto, CR Ares eta SD Tiran traineruak minutu bateko tartearekin aterako dira.

Estropada nagusiak. Kanporaketen ostean Bermeo Hiriko 37. Bandera Avia Sari Nagusia hasiko dute. Lau kaleko ohiko formatuan, trainerek 5.556 metroko distantzian lau luze eta hiru ziaboga osatu beharko dituzte. Lehenengo txandan Cabo, Ondarroa Cikautxo, Donostiarra eta Urdaibai Avia ariko dira lehian. Bigarrenean berriz, lehenengo lau sailkatuak lehiatuko dira: Zierbana Bahias de Bizkaia, Santurtzi Iberdrola, Go fit Hondarribia eta Orio Babyauto, hain zuzen ere.

Abaroak bermeotarrei zein gainerako herritarrei estropadak ikusteko gonbidapena luzatu die. “Primerako ikuskizuna izango da eta giro ederrean egongo gara”. Bermeoko estropaden ostean, domekan Portugaleten lehiatuko da aurtengo Eusko Label Ligako azken estropada.

HITZA

12 / 09 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0