Albisteak

Albistea

Iraganeko bizipenak, postalen artean

Bermeoko historia postala. XIX-XX mendeak izeneko erakusketak kostako udalerriko eta Bizkaiko historiaren zati batean murgiltzeagaz batera, askorentzat ezezaguna den filateliaren mundua ezagutzeko aukera bikaina eskaintzen du. Erakusketa Bermeoko Arrantzaleen Museoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu dute, Portugaleteko Filatelia Elkarteagaz elkarlanean.

Filatelia terminoak posta zerbitzuaren baitan sortzen diren aspektu guztien ezagutza adierazten du, posta zigiluak biltzeko eta aztertzeko zaletasunagaz batera. Arte horren zalea da Aitor Goitia bermeotarra. Institutuan ikasten ari zela eman zituen lehen pausoak filateliaren munduan: Bilboko Plaza Berrian egiten zen merkatuan zigilu eta telegrafoen bilduma egiten hasi zen. Ordutik hona Gipuzkoako Filatelia eta Numismatika Elkartearen eta Afinet filatelia elkartearen kide egin da Goitia; gainera, bere ikasketek euskal tinbrologia hartzen dute bere baitan, hau da, euskal zigiluen ezagutza.

Filateliaren mundua ezagutu nahi dutenek abenduaren 1era arte izango dute hori egiteko aukera Bermeon. Arrantzaleen Museoan dagoen erakusketak Goitiak orain bi urte eratzen hasitako bildumaren zati bat biltzen du. Bere berbetan, aurkeztutako bildumagaz “filateliaren mundu zabala eta, batez ere, Bermeoko Historia postala Bermeoko biztanleei aurkeztu” nahi izan die, bera ere Bermeoko bizilaguna izanik. Bilduma Cesar Tejada eta Ruben Gil filateliaren zaleen dokumentuekin osatu dute. Horien artean gerra zibilaren garaiko hainbat dokumentu ikusi ahal dira.

Ekimenaren antolatzaileek azaltzen dutenez, 60. hamarkadaren aurretik Bermeoko korrespondentzia Bilbo/Bizkaia markaren izenpean banatzen zuten. 1860an udalerria laugarren mailako postetxe bat edukitzera igaro zen: modu horretara Bermeoko korrespondentziak bere zigilu markak jasotzen hasi zen. Erakusketan ikusi daitezkeen postal eta eskutitz asko modernoak dira, asko gerra garaiak bizitakoak. Kutsu komertziala duen korrespondentzia ere aurkitu daiteke bertan, baina horrez gain gutun eta postal horiek idatzi zituztenen samina eta pozak gordetzen dituzten postal eta eskutitzak ere daude.

Eskualde zein mundu mailan. Horien artean daude, esaterako, Bermeo mundu mailan ezaguna bilakatu duten enpresa kontserbagileen hastapenak. Italiatik udalerrira etorri eta kontserba lantegiak martxan jarri zituzten enpresarien postalak irakurri daitezke erakusketan. Horiei esker kantauriar antxoa ezagutzera eman zen italiarren artean.

Are urrunagotik bidalitako postalak ere ikuskatuko ditu museoa bisitatzera animatzen denak: XIX. mendean Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako herrietatik Kubara bidaiatu zutenen arrastoa. Kuba urrunetik Bermeora bidalitako posta dago ikusgai erakusketan. 1899. urtean, zehazki, 1139 bizkaitar zeuden La Habanan edo Santiagon: horietatik 100 bat bermeotar jatorrikoak ziren.

Mundu zabala ezagutu duten posta eta zigiluekin batera, eskualdean geratu diren ondarea ere batzen du erakusketak. Horren adibide dira dolu-gutun izenagaz ezagutzen ziren postalak. Horiek dolumina adierazi eta heriotza baten berri emateko modu bakarra izan ziren garai batean. Postal horiek berezitasun bat edukitzen zuten: beraien ertza beltza zen, «dolu-marka» modura funtzionatuz. Gaur egungo eskela bezala erabiltzen ziren, 1850. urtetik hasita.

Gerra zibileko adibideak ere ikusiko ditu bisitariak; batez ere kartzela, presondegi, ospitale militar eta lan batailoietatik bidalitako postalak laburbildu dituzte atal berezi batean. Horiek presoen eguneroko bizipenak, askatzeko behar zituzten abalak, edota nola elikatzen ziren azaltzen dute. Bermeon 1900. urtean eraikitako ospitaleko postalak batu ditu Goitiak: Sollubeko gudaren lehen egunetan ospitale militar gisa erabili zen eraikina.

Zigiluen jatorria. Zigiluak frankeoaren zeinu ezagunena dira. Tamaina txikiko paper horiek posta zerbitzua erabiltzeko diru kantitate bat ordaindu dela ziurtatzeko balio dute. Lehen zigiluaren jatorria Erresuma Batura iristen da: 1840. urtean Penny Black izenagaz ezagutzen zen. Horiek erabiltzen hasi aurretik irteera, igarotze eta helduera markak erabiltzen zituzten.

1850eko urtarrilaren 1ean ezarri zuten zigilu bidezko frankeo sistema Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan: merkeenak sei kuartoko tarifa izaten zuen. Hasiera batean eskutitza jasotzen zuenak ordaintzen zuen posta zerbitzua bidaltzaileak ordaindu beharrean, gaur egun egin modura. Denbora igaro ahala, antzinako zigilu batzuek balio komertzial handia lortuz joan dira bere arrarotasunaren arabera: batzuk lortzea oso zaila da, historiagileen edota filatelisten artean oso baliotsuak bilakatuz.

 HITZA

23 / 10 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0