Prensa

Prensa

Bermeoko Udalak Euskaraldiarekin bat egin du euskarari hauspoa eman eta bermeotarrak aktibatzeko

Guztira, Bermeon, 28 barne arigune eta 20 kanpo arigune definitu dira

Bermeon, 2020ko azaroaren 17an.- Bermeoko Udalak bat egin du 2020ko Euskaraldiarekin. Helburua argia da: euskarari hauspoa eman eta bermeotarrak aktibatzea. Horretarako, herritarrei eta entitateei deia luzatzen die Udalak, helburu hau lortzeko guztion inplikazioa behar delako. Guztira, hilabeteetako lanketaren ostean, Bermeon 28 barne arigune eta 20 kanpo arigune definitu dira.

Kanpo ariguneek herritarren eta udalaren arteko harremanetan euskararen erabilera indartzea dute helburu. Herritarrekiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematen jarraitzea da ideia. Barne ariguneek, ordea, Udalaren barruan ahozko maila ez formalean euskararen presentzia areagotzea bilatzen dute. Bada, esan bezala, 48 arigune definitu dira guztira. Aurtengo Euskaraldian, aurrekoan bezala, hizkuntza ohiturak aldatzea bilatzen da.

Bermeoko Udalak ibilbide luzea darama euskararen normalizazioan, baina, hala ere, aurrera begirako erronkak ere badira. Horretarako, Euskaraldiaren olatuaz baliatuko da Udala, pixkanaka, euskararen normalizazioan pausuak ematen jarraitzeko. Keinu txikiek berebiziko garrantzia dute zentzu honetan. Lehenbiziko berba euskaraz egiteak, adibidez, gauza asko aldatu ditzake, batez ere, norbanakoaren hizkuntza ohituretan.

Euskara erdigunera ekarri nahi da egun hauetan, autoestimua eta irudi kolektiboa sendotzeko, eta, aldi berean, Bermeoren identitatearen elementu garrantzitsuenetakoa (euskara) indartzeko. Euskaraldia, beraz, udal mailan, entitate mailan, zein bakoitzaren ingurune hurbilean (familian, lagunartean, lankideekin...) eta bai testuinguru sozial arruntean (saltokietan, erakundeetan...) baldintza egokiagoak sortzeko aukera paregabea da.

Izan gaitezen, beraz, Ahobizi edo Belarriprest eta eman diezaiogun hauspoa euskarari!

17 / 11 / 2020

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0