Albisteak

Albistea

Bermeoko Arrain Azokan beirazko botilak batzeko kanpaina berezia

 

 

Bermeoko Arrain Azokaren barne, maiatzaren 19, 20, eta 21ean, Bermeoko Udalak, Ecovidrio enpresarekin batera, hirugarren urtez kanpaina berezi bat jarriko du martxan azoka inguruko tabernetako beirazko botilak aparteko zerbitzu baten bitartez biltzeko. Kanpaina honetan 44 tabernek parte hartuko dute, iaz baino bat gehiago. 

Irune Ormaetxeak, Ingurumen, Merkataritza eta Turismo zinegotziak, azaldu duenez, iaz kanpaina honen balorazioa guztiz positiboa izan zen. “43 tabernek parte hartu zuten eta ostalariak pozik egon ziren. Guztira 24.181 kilo beira batu ziren 3 egunetan, %29ko igoera 2015eko datuekin alderatuta”. 

Ormaetxeak adierazi duenez, kanpaina honen bidez, Udalak, Arrain azoka egunetan, botilen birziklapena gehitzea nahi du. “Horretarako, azoka inguruko ostalariei laguntza eskaintzen diegu; izan ere,  Arrain azokako egunetan jende asko batzen da eta tabernariek sarritan gainezka egoten dira beirazko botilak kaleko edukiontzi berdera eramateko”, esan du. 

Horrela, Lamera, Portuzarra eta Askatasun Bidea kaleko taberna guztietan kanpainari buruzko informazioa eskaini da, eta nahi dutenentzat gurpildun kubo bat utziko da botilak bertan batzeko. 

Azoka bitartean,  langile bat pasako da aldizka lokal guztietatik kubo beteak edukiontzi berdera eramateko eta bueltan hutsik ekartzeko. Bilketa hori ostiral eguerdian eta iluntzean egingo da, larunbat eguerdian, iluntzean eta gauean, eta amaitzeko, igande eguerdian. Kanpainan parte hartzen duten ostalariei edukiontzi txikitxo bat oparituko zaie ingurumenarekin agertzen duten konpromisoa eskertzeko. 

“Ezinbestekoa da guretzat Arrain Azokan gure ingurumena guztion artean zaintzea, eta horregatik jartzen dugu martxan aipatutako ekimena”, nabarmendu du Ormaetxeak. 

17 / 05 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0