Prensa

Prensa

Kontakizunen bidez eskola jazarpena prebenitzeko tailerra Bermeoko udal liburutegian martxotik apirilera

 

 

Kontakizunen bidez balioak lantzeko eta eskola jazarpena prebenitzeko tailerra martxan jarriko da Bermeoko Udal Liburutegian. 6-8 urte arteko umeei zuzenduta dago tailer hau eta martxoaren 1, 8, 15 eta 22an eta apirilaren 12 eta 19an (ostegunak) izango da. Hortaz, guztira sei saio izango dira eta 18:30ean hasiko dira. Dinamizatzailea Nuria Dehesa izango da. Parte-hartzea dohainik da eta, gehienez, taldean 10 ume egongo dira. Interesa duten pertsonek Bermeoko udal liburutegian eman behar dute izena. 

Nuria Dehesak azaldu duenez, eskola jazarpena edo bullyinga arazo bat da eskoletan. “Eskola jazarpenarekin bukatzeko heziketa ezinbestekoa da, balio-heziketa on batek arazo horri aurre egiten lagunduko baitigu, eta baita gaur egungo umeak biharko heldu osasuntsu eta zoriontsu izaten ere”, adierazi du. Horregatik, esan duenez, udal liburutegian eskainiko den tailer honetan “ipuinen bidez errespetua, elkartasuna, ausardia, autoestimua eta enpatia balioak sustatzen saiatuko gara, eskola jazarpena prebenitzen laguntzeko”. 

Saio bakoitzean balio bat edo bi landuko dira, eta, horretarako, testu batzuk irakurriko dituzte: nobelak, ipuinak, olerkiak, igarkizunak... Irakurmen bakoitzaren ostean irakurritakoa aztertuko dute: gustatu zaien edo ez eta zergatik, zein izan den pertsonaia nagusiaren jokaera, zelan konpontzen dira gatazkak ipuinean, agertzen diren baloreak, zer transmititu dien istorioak, zelan sentitzen diren pertsonaiak, zelan sentitu diren eurek entzuten zuten bitartean…. 

Horrez gain, saio bakoitzean ekintza bat prestatuko dute saio horretan landu nahi diren baloreekin lotuta. Klasearen amaieran komentatuko dute zein izan den gehien gustatu zaien testua eta zergatik. 

Tailer hau Lehen Hezkuntzako Lehenengo eta Bigarren mailako umeei zuzenduta dago (6-8 urte). Interesa dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute Bermeoko Udal Liburutegian.

 

 

 

07 / 02 / 2018

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0