Albisteak

Albistea

Bermeoko alkateak Gaztelugatxeko proposamenean Bermeoren identitatea babesteko beharra nabarmendu du

 

Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxeri buruz aurkeztu duen proposamenean, besteak beste, Bermeoren identitatea babesteko beharra dagoela nabarmendu du. “Gaztelugatxe Bermeoren altxorra da, eta bere lotura bermeotarron historia, tradizio, hizkuntza eta izateko erarekin lotu behar da plangintzan, hori faltan bota baitugu”, adierazi du. Ildo horretan, Gaztelugatxeren kokapena Bermeon dagoela ere plangintzan argi gelditu behar dela adierazi du.

 

Bermeoko alkateak Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxeren proposamenari buruzko 1. Irakurketa egin zuen atzo Bermeon egindako herri batzarrean. Batzar horretan, alkatearekin batera Elena Unzueta, Jasangarritasun eta Ingurumen diputatua; Unai Gangoiti, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen zuzendaria, eta Irune Ormaetxea, Turismo, Ingurumen eta Urigintza zinegotzia egon ziren. Nestor Basterretxea aretoa jendez gainezka egon zen, “gaiak bermeotarrongan pizten duen interesaren seinale”.

 

Elena Unzuetak Bizkaiko Foru Aldundiaren proposamena azaldu zuen, proiektua irekia dela esan zuen eta eragile askoren elkarrizketen emaitza dela. Horrez gain, bermeotarron ekarpenak aintzat hartuko direla jakinarazi zuen eta adostasunetara heltzeko prestasuna agertu zuen.

 

Herritarrak, euren artean San Juaneko Batzordeko kideak, udal teknikariak, zinegotziak eta turismo sektorean dabiltzanak, euren zalantzak eta iritziak emateko aukera izan zuten, eztabaida interesgarria sortuz. Aitor Zulueta, Natura Ondare eta Klima aldaketarako Eusko Jaurlaritzako zuzendaria ere bertaratu zen batzarrera.

 

Alkateak Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako proposamenaren aurrekariak azaldu zituen eta,  2014tik gaur arte, Udala, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean, Gaztelugatxe inguruan hobetu beharrekoak lantzen dagoela azaldu zuen. Horrez gain, San Juaneko batzordearekin, turismo sektoreko eragileekin eta udal taldeekin landu ondoren, Udalak BFAren plangintzaren 1. Irakurketaren berri eman zuen eta hainbat ideia azaldu zituen.

 

Bidegurenek azpimarratu duenez, BFAren proposamen horretan Gaztelugatxeren “Bermeoko identitatea falta dela ikusi dugu, Bermeok Gaztelugatxerekin duen lotura kultural, historiko edota emozionala, hain zuzen ere, diagnostikoan zein proposamenean”.

 

Horrez gain, “Matxitxakok eta Urdaibaik estrategikoki kontuan hartuan izan behar direla” azpimarratu du. Irisgarritasun eta mugikortasunari dagokionez, hainbat dira Bidegurenek aipatutako ekimenak: oinezkoentzat ibilbidea Urdaibaiekin lotuta, Bermeon Pergolako aparkalekua egokitu eta anezka autobusak jartzea Gaztelugatxera, Lurgorriko aparkalekua egokitu eta oinezko bidea konpondu Ermutik jaitsi ahal izateko, garraio publikoa indartu…

 

Horiek guztiak eta beste asko atzo berriro mahaigaineratu zituen Idurre Bidegurenek herri batzarrean. Ekainera arte ekarpenak egiteko aukera izanda, Bermeoko Udalak ekarpen horiek eta beste asko aurkeztuko dituela jakinarazi du.

 

Bermeoko alkateak azaldu duenez, Gaztelugatxera heltzen diren turisten %64a Bermeotik doaz, eta kopuru hori handiagoa izatea lortu behar dugu masifikazioak saihestuz, ingurua zainduz eta gure identitatea babestuz. “Gaztelugatxek garapenerako eskaintzen dizkigun aukerak aprobetxatu behar ditugu kudeaketa ona eginez”, nabarmendu du.

 

Bidegurenek herritarrak ere euren ekarpenak egitera animatu ditu eta Berhaz bulegoan aurkeztera, Plangintza horretan herritarren ekarpenak ere islatuta ikusi nahi ditugulako; izan ere, Gaztelugatxe oso garrantzitsua da bermeotarrontzat eta Bermeoko garapenarentzat”.

20 / 04 / 2018

Beste barriak

  • Hitzorduak
  • Errolda agiria
  • Alkarbizitza agiria
  • Espediente ekonomikoak
  • Kirola on-line
  • Sastar batze erreziboak
  • Isunak
  • Matrikulak
  • Plusbalioak
  • Udal tributuak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0