Albisteak

Albistea

Gosari osasuntsuen eta herriko garbitasunaren inguruan aritu dira ikastetxeak eta Bermeoko Udala

 

Eskola Agenda 21 ekimenaren barruan, Eskola Foroa eta Udal Foroa egin dira gaur Bermeoko Gizarte eta Kultura etxean. Aurtengo gaiak, besteak beste, honakoak izan dira: gosari eta hamaiketako osasuntsuak eta pipa azalak eta txikleak lurrera ez botatzeko kanpaina. Gai horien eta beste hainbat gairen inguruan egindako lana, ekintzak eta proposamenak aurkeztu dizkie Bermeoko ikastetxe guztietako ikasleek (Sagrado Corazón ikastetxeak, San Frantzisko eskolak eta Eleizalde Ikastolak) Bermeoko Udalari. 

Horrela, goizeko 11:00etatik 12:00etara, eskola foroa egin da. Bertan, ikastetxe guztietako guraso, ikasle eta irakasleen ordezkariek euren ikastetxeetan ingurumen eta jasangarritasunaren arloan egindako lana partekatu dute. 

Ostean, udal foroa 12:00etatik 13:00etara izan da. Bertan, Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek; alkateordeak, Benito Ibarrolazak;  Ingurumen zinegotziak, Irune Ormaetxeak, eta Ingurumen teknikariak, Gaizka Aurrekoetxeak, harrera egin die ikasleei, irakasleei eta gurasoei, eta ikasleek aurreneko saioan prestatu duten aurkezpena azaldu dute. 

Foroan, lehendabizi ikastetxeek informatu dute ikasturte honetan martxan dituzten proiektuei buruz eta ingurumena zaintzeko ekimenei buruz. Adibidez, gaikako hondakin bilketa bultzatzeko martxan jarritako ekimenak, irtenaldiak (Artigaseko zabortegira, Lekeitioko itsas eskolara, Lurraskara, Urkiolara…), eta eskolako hazitegia, ortua eta lorategia; izan ere, landareak zaintzeko lan handia egin dute. Horrez gain, besteak beste, “patruila berdea” ere martxan jarri dute: argiak itzaltzen direla ikuskatzeko, lurrean paperik jaurtita ez daudela ikusteko… 

Jarraian, gosari osasuntsuak eta pipa azalak zein txikleak lurrera ez botatzeko kanpainaren berri eman dute. Lehenengo kasuan, helburua izan da ume eta gazteek hamaiketako osasuntsuagoak jatea. Horrela, hamaiketarako ume eta gazteek opil, gailetak eta horrelakoak eraman beharrean fruta eramatea lortu nahi izan dute. 

Hori lortzeko, diagnostikoak eta inkestak egin dituzte, lehiaketak antolatu dituzte eta irakasleak eurak ere frutaren kontsumoa bultzatu dute. Balorazioa positiboa izan da eta ikasturte amaieran, ikasleen fruta kontsumoa hamaiketakoetan asko gehitu dela adierazi dute. Gainera, fruta horiek, aluminio-paperean eraman beharrean, kasu askotan tuperretan eramatea ere lortu dutela gaineratu dute. 

Pipa azalak eta txikleak lurrera ez botatzeko kanpainari dagokionez, kaleko zenbait zaborrontzien gainean ‘zertarako?’ kartela jarri dute eta inkestak egin dituzte ikasleek pipa azal eta txikleekin zer egiten duten ezagutzeko. Inkesten emaitzen arabera, pipa azal asko lurrera botatzen dira eta txikleak ere bai, nahiz eta neurri txikiago batean. 

Inkesten emaitzekin horma irudiak egin dituzte ikasle zein herritarrei azaltzeko. Horrela, lehenik eta behin emaitzak ikastetxean bertan jakinarazi dituzte, eta, ondoren, kalera joan dira herritarrei informazioa emateko eta sentsibilizazio eta kontzientziazio lana egiteko. Herritarrek oso ondo baloratu dute ekimena. 

Pipen azalak lurrera ez jaurtitzeko, pipak saltzen dituzten dendetan ‘pipeterak’ banatzeko proposamena luzatu dute ikasleek. Horrez gain, pipak zein txikleak lurrera botatzeak sorrarazten dituen arazoen berri emateko bando bat argitaratzea eskatu diote Udalari. 

Ildo berean, Bermeoko Udalari beste hainbat proposamen luzatu dizkie: edukiontziak eta inguruak gehiago garbitzea, usoak jolastokietan sortzen dituzten arazoak bideratzea, eta Atalde eta Bide Gorrian agertutako arratoien arazoa ere bideratzea. Azken gai horri buruz, Ibarrolazak jakinarazi duenez, hilero enpresa batek egiten du lanak arazo horri irtenbidea emateko. 

Bidegurenek, Ibarrolazak eta Ormaetxeak ikastetxeek ingurumenaren alde egindako lana “izugarria” izan dela azpimarratu dute, eta horrela jarraitzeko eskatu diete. “Oso garrantzitsua da herriko ikastetxeek gure ingurumena zaintzearen alde hartzen duten konpromisoa, jasangarritasunaren garrantzia txikitatik landu eta barneratu dezaten”, adierazi dute. 

15 / 06 / 2018

Beste barriak

  • Hitzorduak
  • Errolda agiria
  • Alkarbizitza agiria
  • Espediente ekonomikoak
  • Kirola on-line
  • Sastar batze erreziboak
  • Isunak
  • Matrikulak
  • Plusbalioak
  • Udal tributuak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0