Albisteak

Albistea

Arraunean Orio eta Bilbo arteko itsasaldia egingo duten 32 emakumeak bihar helduko dira Bermeora

 

Bihar, eguenean, uztailaren 12an, 35 eta 57 urte bitarteko 32 emakumez osatutako talde batek erronka garrantzitsu bat hasiko du, 198 kilometroko Orio-Bilbo-Orio itsasaldia arraunean egitea, hain zuzen ere. Ekimen hori, “Zergatik ez?’ izenekoa, lau etapatan garatuko da, eta, lehenengoa, Bermeon bukatuko da. 

Hortaz, 1. Etapa, 52 kilometrotakoa, bihar, goizeko 7:00etan Orion hasiko da eta Bermeon bukatuko da. 14:00ak inguru Bermeoko Aita Guria baleontzian harrera ekitaldia izango da eta bertan egongo dira Idurre Bideguren, Bermeoko alkatea, eta Irune Ormaetxea, Kirol eta Turismo zinegotzia, emakumeei gure herrira ongi etorria emateko.

Ideia joan den urtean sortu zen emakume talde batek bere berrogeigarren urteurrena modu desberdin batetan ospatzea erabaki zuenean: gustuko duten kirola praktikatuz elkarren arteko harremanak sendotzea. Horrela, adin berdintsua duten beste emakume batzuk animatuz, hauek arraunean ikastea lortu zuten, ekimena burutzea lortuz. 

Entrenamendu fisikoari dagokionez, emakumeak zerotik hasi dira eta erronka honetan egunero zazpi ordu inguru egingo dituzte arraunean. Bigarren etapa barikuan, uztailaren 13an, Bermeon hasiko da, eta Portugaleteraino helduko da, 56 kilometro, hain zuzen ere. Hirugarren etapan 64 kilometro egingo dituzte, Portugaletetik Ondarroaraino, eta, domekan, azken egunean, 26 kilometro inguru Ondarroatik Orioraino. 

Irune Ormaetxeak adierazi duenez, “oso pozik gaude” emakume talde honek Bermeo aukeratu duelako “erronka garrantzitsu honen helmuga eta irteera” eta emakumeen “gogoa, indarra eta ahalmena” goraipatu ditu. “Emakumeak kirolean duen presentzia erakusteko eta aldarrikatzeko ekimen oso ona dela uste dugu”, nabarmendu du. 

 

 

 

11 / 07 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0