Albisteak

Albistea

Gaztelugatxeko kostaldea garbitzeko auzolanean 53 boluntariok parte hartu dute eta 700 kilo inguru hondakin batu dira

 

 

Bermeoko Udalak eta Lurgaia Fundazioak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin,  joan den zapatuan, uztailaren 14an, Gaztelugatxeko kostaldea garbitzeko antolatutako auzolana “arrakastatsua” izan da. Antolatzaileek adierazi dutenez, 53 pertsonek parte hartu zuten ekimen horretan, gizon zein emakume, eta 700 kilo inguru hondakin batzea lortu zuten. Bermeoko Herri Babesak emandako laguntza ere ezinbestekoa izan zen ekimen hori egin ahal izateko. 

Irune Ormaetxeak, Bermeoko Ingurumen zinegotziak, gogoratu duenez, jardunaldiaren helburua bikoitza zen. Batetik, Gaztelugatxeko babestutako eremuaren itsas ertzeko hondakinak garbitzea, bere ingurumen-balioa eta bere paisaiaren edertasuna zaintzen eta mantentzen laguntzeko; eta, bestetik, gizartea sentsibilizatzea hondakinak, eta batez ere plastikoek, itsasoan sortzen duten ingurumen arazo larriaz. 

Talde guztia San Juan azpiraino jaitsi zen itsasbehera aprobetxatuta. Bertan, Akatz eta Gaztelugatxe bitarteko badia guztian garbiketa lanetan aritu ziren, eta hondakin kopuru handia batu zuten. 

Irune Ormaetxeak azaldu duenez,  batutako  hondakinen parte handi bat itsasoko jardueraren ondorioz sortutakoak izan dira (arrain kaxak, sare zatiak, sokak, buiak…), baina beste era bateko hondakinak ere batu dira, gehien bat plastikozko ur botilak. “Horrela, plastikoak itsasoan sortzen duen arazoei buruz hitz egin genuen”,  gaineratu du. 

Ormaetxeak lekuaren zailtasuna kontuan edukita, boluntarioek egindako lan “baliotsua” goraipatu du. Horrela, antolatzaileek parte hartu duten pertsona guztien lan eskertu dute, “izugarria” izan delako. Ildo berean, Bermeoko Herri Babeseko kideei ere eskerrak eman dizkie itsas hondakinak lehorrera ateratzeko eta boluntarioen segurtasuna bermatzeko eskainitako laguntzagatik. 

16 / 07 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0