Albisteak

Albistea

Datorren astean jarriko dute martxan suteak saihesteko kanpaina Bermeon

Proiektua hainbat erakunde eta taldegaz elkarlanean prestatu dute. 8.000 eskuorri eta galdetegi banatuko dituzte, etxe eta eraikinetan dauden hutsuneez ohartaraztekoBermeoko Udalak suteak saihesteko kanpaina berria prestatu du. Proiektua hainbat erakunde eta taldegaz elkarlanean sortu du, eta datorren astetik aurrera jarriko dute martxan.
Kanpainaren berri emateko, Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateorde eta Zerbitzuetako zinegotzia, Santi Murua Berualako zuzendaria, Eugenio Alboniga Udaltzaingoaren burua, Jon Ojanguren Herri Babeseko koordinatzaile nagusia, Patxi Berreteaga eta Isusko Mendizabal Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Su itzaltze eta Salbamendu zerbitzuaren ordezkariak, Beni Barrena Seguros Bilbaoko ordezkaria eta Jokin Zubieta Vost Euskadi elkarteko ordezkaria bildu ziren atzo.
Aurkezpenean azaldu zutenez, udalak Seguros Bilbao eta Bizkaiko suhiltzaileen laguntzagaz egindako 8.000 eskuorri baino gehiago banatuko ditu bermeotarren artean. Eskuorrietan sua saihesteko eta etxeko suteei aurre hartzeko aholkuak edota sua dagoenean deitu beharreko telefono zenbakiak azaltzen dira. Horrez gain, sute baten aurrean etxe edota eraikinen egoera nolakoa den ezagutzeko galdetegia ere banatuko dute.
Galdetegia
Galdetegiaren helburua herritarrarengan eta komunitateetan hausnarketa bat sortaraztea da, sute batean aurrean euren eraikin zein etxebizitzek dituzten hutsuneez ohartarazteko, modu horretara neurriak eta konponbideak hartzeko. "Galdetegi horiek betetzea oso garrantzitsua" dela azpimarratu zuen alkateordeak.
Kanpaina sareetatik ere zabalduko dutela azaldu zuen Ibarrolazak; udalaren webgunean eta sare sozialetan horren berri emango dute, #SuterikEz traolagaz. Vost Euskadi elkarteak, bere aldetik, sare sozialen bidez ere Bermeoko kanpaina zabalduko duela adierazi zuen Zubietak, "ahalik-eta hedapen handiena emateko".
Ibarrolazak gogoratu zuenez, 2010. urtetik gaur arte, Bermeoko Alde Zaharrean 44 sute izan dira, eta 99 beste gune batzuetan, 143 denetara. Horregatik, kanpaina hori "ezinbestekoa" dela azpimarratu zuen, herritarrek suteak nola saihestu jakin dezaten, eta sutea gertatzeko kasuan nola jokatu behar duten jakiteko. "Bermeon suteak sortu izan diren bakoitzean horrek dakarren ondorio guztiei aurre egiten laguntzeko prest egon gara eta egongo gara", esan zuen Muruak. Kanpainagaz suteak eragiten dituen ondorio larri guztiak saihestu nahi dituzte.
Gainera, prestatutakoa Bermeora soilik mugatu beharrean, beste herri batzuetarako eredu bilakatzea nahi dute, "suteak saihesteko eta bizitzak salbatzeko" helburuagaz.
Elkarlanean
Suteak saihesteko kanpainagaz batera, udala Bizkaiko suhiltzaileekin egiten ari den elkarlanaren berri eman zuten. Horrekin "suteen aurrean erantzuna hobetu" nahi dute, eta Alde Zaharrean sute bat dagoenean, "protokoloa hobetu".
Jakitera eman zutenez, udalak suhiltzaileekin hainbat bilera egin ditu dagoeneko, herriko iriste erraztasuna hobetu eta gune beltzak ezabatzeko. Ibarrolazak adierazi zuenez, Alde Zaharreko hiri altzari batzuk kendu dituzte, eta gainerako oztopoei aurre egiteko irtenbideak aztertzen ari dira. Beste alde batetik, elkarrekin "hitzarmen bat lantzen" ari direla aurreratu zuten.
Herri Babesa indartu nahi dutela ere azaldu zuten. Taldea Bermeon sute bat sortzen denean "ezinbestekoa" da, eta suteei aurre egiteko baliabideak eta laguntzak eman nahi dizkiete boluntarioei.
Suteei aurre egiteko "guztien arteko elkarlanaren garrantzia" goraipatu zuen Ibarrolazak. "Erakunde, elkarte, enpresa zein herritarrena, guztion inplikazioa beharrezkoa da segurtasuna bermatzeko".

HITZA

14 / 12 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0