Albisteak

Albistea

Gobernantzako Bikaintasunaren 2018ko Europako Labela jaso du Bermeoko Udalak

Idurre Bideguren Bermeoko alkateak gaur goizean jaso du ELoGE Labelaren bereizgarria, Eudel-en elkarteburu Imanol Landaren eta Europako Kontseiluaren ordezkari Alina Tatarenkoren eskutik.
Bermeoko alkatea oso pozik agertu da zigilua jasotzerakoan. Zigilu horrek Bermeoko Udalean 'kudeaketa aurreratuan eta berrikuntzan' egiten ari diren 'lana aitortzen' duela nabarmendu du.
Idurre Bideguren, zigilua jasotzen. Argazkia: Eudel.
Bidegurenen berbetan, 'azken urteotan herritarren eta administrazioaren arteko harremana estutzea izan dugu helburu, xedeak lortzea garrantzitsua delako, baina horiek zelan lortzen diren ere bai. Horregatik gauzak beste era batera egiten saiatu gara eta, bikaintasunerako bidean, udal onenen artean egotea erronka interesagarria izan da'.
Udalaren lana ezagutzera emanez. Sariak 'gobernantzan egindako ahalegina herritarrei ezagutarazten' lagunduko diela gaineratu du alkateak. 'Eraikinak, jolasguneak edota biribilgune bat egiten direnean emaitza erraz ikusten da, ez, ordea, kudeaketan ematen diren aurrerapausoak. Bikaintasunerako Europako Label honek egindako lana balioan jartzen du eta ildo beretik lanean jarraitzeko pizgarria da'.
Landak zorionak eman dizkio Bidegureni, 'nota onagaz gainditu dutelako Europako Kontseiluaren ebaluazio zorrotza'. Gaineratu duenez, 'Labela lortzeko hautagai izatea berez da konpromiso handia udal gobernuarentzat'. Bermeoko Udalagaz batera, Legazpikoak ere jaso du zigilua.
ELoGE Zigilua Europako Kontseiluaren tresna da, eta bere helburua 'udalek Gobernantza oneko eta berrikuntza demokratikoko 12 printzipiotan aurrera egitea' da: etika, gardentasuna, parte-hartzea, kontu-ematea, kudeaketa finantzarioa, efikazia eta efizientzia dira, beste beste, printzipio horietako batzuk.

HITZA

20 / 12 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0