Albisteak

Albistea

Besaldek Sahararen aldeko Euskal Karabana abiarazi du

Piztu itxaropena lelopean, karabana mugiaraziko duten 15. aldia izango da. Herri sahararrari "ahalik eta elikagai kopuru handiena" eraman nahi diotePiztu itxaropena lelopean, Besalde elkarteak (Bermeo Sahararen Alde) Aljeriako errefuxiatu sahararren kanpamentuetara bidaltzeko janari bilketa kanpainari ekin dio beste urte batez.
Elkartearen arduradunek nabarmendu dutenez, hamabosgarren aldiz prestatu duten kanpaina horren helburu nagusia herri sahararrari "ahalik eta elikagai kopururik handiena eramatea" da, errefuxiatuen kanpamentuetan duten "elikagai falta asetzeko".
Zehaztu dutenez, aurton prestatu duten kanpainak urtarrilaren 19ra arte iraungo du. Bermeoko San Frantzisko elizako lokalean astelehenetik barikura 18:30etik 20:00etara bitartean ariko dira janaria biltzen. Kanpaina ez da horra bakarrik mugatuko. Izan ere, Bermeoko, Mundakako, Busturiko, Gernika-Lumoko, Muxikako eta Arteagako denda, supermerkatu eta hezkuntza zentroetara ere zabalduko dute janari bilketa.
Gainera, asteburuetan supermerkatuetan kanpainaren berri emateko eskuorriak banatzen egongo direla azpimarratu dute. Bermeon lehenengo, eta azkenengo asteburuan, Gernika-Lumon.
Beharrezko laguntza
Ordezkarien berbetan, arroza, egoskariak, pasta, azukrea, hegaluzea oliotan eta sardinak batuko dituzte. Ez hori bakarrik, garbitasun gaiak ere bidaliko dituztela adierazi dute, konpresak, esate baterako. "Saharar herriak 43 urte daramatza Aljeriako basamortu latzean Marokok okupatutako euren benetako herrialdera noiz itzuliko itxaroten", azaldu dute. "Basamortu horretan ez da ezer hazten, ez dago urik, ez elektrizitaterik, han erakundeek eta herriek bidalitako laguntzagaz baino ez dira bizi". Hori dela eta, Sahararen aldeko elkarteek urtero antolatzen dute janari bilketa, errefuxiatuen bizi baldintzak hobetzeko lan eginda.
Joan den urtean egindako kanpainan 6.306 kilo jaki bildu zituzten Busturialdean Saharar errefuxiatuen kanpamentuetara bidaltzeko. Elkarteko arduradunek herriak eta udalek adierazi duten eskuzabaltasuna eta elkartasuna eskertu dituzte.

HITZA

11 / 01 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0