Albistea
08:00etarako jarri zuen Azpeitiko Lagun Onak mendi bazkunak hitzordua anbulatorioaren aurrean, 2019rako taldeak antolatutako egitasmo nagusiaren lehen etapa egiteko. Bermeo eta Oion lotzen dituen GR-38 ibilbideko lehen etapa egin zuten larunbatean, eta Ardoaren eta Arrainaren ibilbidea hasi zuten egun horretan. Lagun Onakek adierazi duenez, aste guztian eguraldi oso txarra egin ostean, jendea eguraldiari begira zegoen larunbatean, baina hala ere, 66 laguneko taldea animatu zen Bermeo eta Gernika arteko zatia egitera. Gainera, Hazparnetik ere hiru lagun etorri ziren lehen etapa gauzatzera ¿Azpeitia eta Hazparne senidetuta daude 1986tik¿.
Bermeora autobusez joan ziren, eta 09:45ak aldean hasi ziren ibiltzen. Eguraldi ona tarteko, 'poza' nabari zen parte-hartzaileen artean. Bermeo atzean utzi eta Gernikara bidean, 20,5 kilometroko ibilbidea egin zuten Busturialdean. Lehen zatia errepidez gauzatu zuten, baserri bide batzuen artean. 11:00ak aldean iritsi ziren Larrazabale eraikinera. Han geldialdi txiki bat egin zuten, eta hamaiketakoa ere bai. Berriz martxan hasi eta Altamira auzora gerturatu ziren. Basoan sartuta, igoera baten ondoren iritsi zen ibilbideko unerik gaiztoena: izan ere, basoan lanean ari zirelako eta aste osoan egin zuen eguraldia egin zuelako, izugarrizko lokatzarekin egin zuten topo.
San Kristobal ermitan bazkaldu zuten 14:15ak aldean, eta Gernikako herrigunera jaitsi ziren gero. Han hamabost minutuko geldialdia eginda, azken argazkiak atera eta autobusera joan ziren. 16:00ak aldean abiatu ziren Azpeitira, eta 17:10ean iritsi hara. Lehen etapa bukatuta, otsailean egingo dute bigarrena.
hitza