Albisteak

Albistea

Aldundiak eskualdeko arreta integraleko hirugarren bulegoa abiarazi du Gernikan, non 173 tramite eta zerbitzu eskainiko diren

Ekipamendu honek iazko maiatzean Bermeon zabaldu ziren instalazioen bidez Busturialdean eskaintzen den arreta indartuko du eta 2016ko azarotik Durangon eskaintzen den eredukoa da. Gaur egunera arte Ogasuneko bulegoa zenean aurrerantzean Foru Erakundearen Sail guztien zerbitzuak eta tramiteak biltzen dira eta 15 langile izango ditu. Ekipamendu hau abian jartzeko 40.000 euroko inbertsioa egin da.
Bizkaiko Foru Aldundiak bere eskualde mailako hirugarren bulego integrala jarri du abian, kasu honetan Gernikan. Bulegoa orain arte Ogasun Sailaren bulego deserdiratua zenaren lokaletan dago, San Juan Ibarra plazako 5 zenbakian. Gaurtik aurrera ekipamendu honetan Ogasuneko bulegoan ematen ziren zerbitzuak eta herriko Nekazaritzako Eskualde Bulegoan ematen zirenak batuko dira, gehi Foru Erakundearen gainerako Sailen tramiteak eta zerbitzuak; guztira 173 tramite eta zerbitzu dira.
Gernikako instalazio berri hauekin iazko maiatzetik hasita Bermeoko bulegotik Busturialdea eskualde osoari eskaintzen zaion arreta osatzen da; Bermeoko bulegoak, herrian bertan ez ezik, eraginak ditu, batez ere Mundaka, Sukarrieta, Busturia, Murueta eta Forua udalerrietan -nahiz eta bulego integralak, edonongoak, mugarik gabe Bizkaiko edonork erabiltzekoak izan-.
Lehenengoz Durangon ezarri zen ereduarekin jarraituz Gernikako ekipamendua funtsezkoa da Bizkaiko Foru Aldundiak bizkaitarrei eskaini nahi dien arretan; ezaugarri nagusia edozein pertsonak Foru Erakundearekin tramitatu nahi dituen kudeaketa guztietarako sarrera bakarreko eredua izatean datza; beraz, horrela baztertu egiten da egunera arte erabiltzen izan den eskema, hau da, zerbitzu edo sail jakinen arabera konpartimentatua dena.
Gernikako bulegoak abegia eskaintzeko gune edo alde bat dauka; esparru horretan pertsona batek erabiltzaileak hartzen ditu eta horien beharrizanak eta zerbitzu mota detektatuko ditu bulegoaren barruan egokia izango den tokira bideratuz. Arreta eskaintzeko tokiak, guztira, hamaika dira: batzuetan (5 postu) tramite orokorrak ebazten dira; beste batzuetan (4 postu, errenta aitorpenaren kanpainan 5 izango direnak) Ogasun Sailari lotuta dauden tramite espezializatuak egingo dira, eta beste postu bitan Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailari lotuta daudenak.
Bulegoak jendeari arreta eskaintzeko edukiko duen ordutegia 8:30etatik 14:00ak artekoa izango astelehenetik ostiralera, udan izan ezik (ekainaren 17tik irailaren 13ra arte), aldi horretan jendeari arreta eskaintzeko ordutegia 8:30etatik 13:30ak artekoa izango delako.
Bulegoa bere funtzio berriei egokitzeko Aldundiak 40.000 euroko inbertsioa egin du.
Gernikako bulegoan egin daitezkeen tramiteak
Ekipamendu berri honetan Bizkaiko Foru Aldundiaren jarduerari lotuta dauden 173 tramite egin daitezke. Aukera egongo da Foru Erakundeari zuzendutako era guztietako agiriak emateko eta jakinarazpenak hartzeko; halaber, A-8 autobiderako laguntzak kudeatu ahal izango dira, diru-laguntzei buruzko informazioa eta eskabideak jaso, foru sail guztien zerbitzuei buruzko informaziora iritsi eta zergen eta nekazaritzaren arloetako tramiteak egin.

BIZKAIMEDIA

30 / 01 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0