Albisteak

Albistea

Estropadak, hitzaldiak, film jaialdia eta beste hainbat ekimen prestatu ditu Galerna Taldeak 2019rako

Bermeoko Galerna Taldeak 2019rako prestatu duen agenda aurkeztu du. Egitarau zabal baten bitartez urtean zehar ingurumenaren zaintzari eskainitako hitzaldiak, Galerna Zine Festibala edota estropadak egingo dituztela aurreratu dute, besteak beste.

Unai Bilbao Galerna elkarteko kideak azaldu duenez, taldearen asmoa “Bermeon ezezagunak izateari uztea da”. Hori lortzeko, estropadak egiteaz gain “ekitaldi gehiago” prestatu dituzte aurton, bermeotarren artean “belaren sustapena” zabaltzeko.

Izan ere, iaz hasi zuten Galerna Zine Festibala bezalako ekimenek “arrakasta handia” izan zutela adierazi du Bilbaok, eta ildo berdinetik jarraitzeko helburua dute aurton, “zarata handia egiteko gogoagaz”.

500 urte munduko lehen biratik. Prestatutako ekimenen artean munduko lehen biraren 500. urteurrenaren harira egingo dituztenak nabarmendu dituzte. Ekimen horiek 2019tik 2022ra luzatuko dituzte, bira hori egiteko behar izan zuten denbora kontuan hartuta.

Aurtengo ekimenak munduko lehen bira horretan parte hartu zuten zazpi bermeotarrei zuzenduta egongo dira. Bilbaoren berbetan, azken hiru urteak horien inguruko informazioa biltzen eman dituzte, eta modu horretara hitzaldiak, erakusketak eta bestelako ekimenak prestatu dituzte abuzturako. Bermeotar horien artean Juan de Acurio kontramaisua nabarmendu dute; izan ere, “Bermeoko pertsonai historikoen artean ezezagunena” dela azaldu dute.

Ekimenen artean, esaterako, udalerri osoan zehar egingo den Escape Village bat prestatu dute. Zazpi bermeotarren historia ezagutzeko balioko duen jokoa izango da hori, eta zazpi proba desberdinetan banatuko dute. Azaldu dutenez, joko hori urteak pasa ahala aldatzen joateko asmoa dute, proba desberdinak eskaintzeko.

EHUko ikerketa taldeagaz elkarlanean aritu direla ere nabarmendu dute. Modu horretara, ikastetxeetan bermeoko marinelen berri emateko ekimenak egingo dituzte.

Munduko lehen biraren ekimenek 1912an izandako galernan hildakoen omenaldiagaz bat egingo dute. Abuztuaren 12rako Galerna 1912 filmaren proiekzioa, hondamendiari buruzko hitzaldia eta beste hainbat ekimen prestatu dituzte egun hura gogoratzeko.

Guztientzako ekimenak. Etzi emango diote hasiera 2019rako prestatu duten egitarau zabalari. Izan ere, Bermeoko kasinoan belaontziko belak eta sokak egokitu eta josteko tailerra egingo dute 19:30etik aurrera. Beste aldetik, aurten ere Arrain Azokarako ekimenak prestatu dituzte, eta umeekin batera belaontzietan ibiliko dira.

Ingurumenaren zaintza ere ardatz modura hartu du taldeak. Izan ere, Izaro Sub urpeko taldea ekainerako prestatzen ari den itsas hondoko garbiketan parte hartuko dutela adierazi dute. Ez hori bakarrik, Alberto Santolaria itsas biologian doktoreak itsasoko ingurumenari buruzko hitzaldia emango du uztailean.

Galerna Zine Festibala ere itzuliko da aurten, joan den urtean lehen aldiz jaialdiak izan zuen arrakasta ikusita. Bilbaoren berbetan, ez zuten espero horrenbesteko jendetza hurreratzea azaroan egin zuten ekimenera. Izan ere, taldekoek “norbere etxetik aulkiak eta bestelakoak” eraman behar izan zituztela nabarmendu du, bertaratu ziren guztiei jesartzeko aukera emateko.

Berriz ere Kofradi zaharra hartuko dutela jakinarazi dute, hiru egunetan zehar itsasoa eta nabigazioa ardatz dituzten filmak, laburrak eta hitzaldiak emateko.

Nola ez, Galerna Taldea itsasoan nabigatzeko zaletasuna dutenak batzeko sortua da, eta beraz estropadek eta itsasorako irteerek ere garrantzi handia dute taldearen agenda barruan. Azaldu dutenez, aurten bost estropada handi egiteko asmoa dute. Horien artean nabarmentzekoak izango dira Bermeo eta Getaria batuko dituen Juan de Acurio itsasaldia eta dagoeneko tradizio bilakatu den Galerna Cup estropada.

HITZA

04 / 04 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0