Albisteak

Albistea

Tonpoia berreskuratzeko ekintza planagaz aldaketa klimatikoari aurre egin nahi dio udalak

Bermeoko Udalak Tonpoiaren gunean jasangarritasuna bultzatzeko helburua duela adierazi du. Paisai ekintza plana aurrera eramateagaz batera, aldaketa klimatikoak eragindako ondorioei irtenbidea eman nahi dio.

Idurre Bideguren Bermeoko alkateak adierazi duenez, paisai planan markatzen ziren helburuak lortzeaz gain, “aldaketa klimatikoari aurre egin eta ingurumenaren aldetik leku jasangarri bat lortzeko asmoa” du udalak. Hori bideratzeko Tonpoi inguruko lursailen desjabetzapena aurrera eramatea onetsi zuen udalbatzak joan den asteko osoko bilkuran, guneko lurrak berreskuratzeko eta horiei erabilpen bat emateko.

Udalak eratutako diagnostikoan azaltzen denez, gaur egun gunea “bertan behera utzita” dago, “lurralde antolamendutik kanpo dauden eta gune publikoa hartzen duten ortu eta etxolez beteta“. Bidegurenek azaldu duenez, desjabetzapenak egingo dituzten lurren jabeekin lanean ari da udala. Horrela, gune horretara era seguru batean hurreratu eta eskaintzen duenaz gozatzeko espazio berde bat eskaini nahi diete Tonpoiaren erabiltzaileei.

Bestalde, leku hori herritarrek ezagutzea bilatuko dute. “Askok eta askok” guneak duen ingurumen balioa “ez dutela ezagutzen” ohartu direla azaldu du, eta horri “balioa eman” nahi diote.

Proiektua aurrera eramateko Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatuagaz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailagaz eta Euskadiko Itsasbazter Mugaketen sailagaz elkarlanean ari direla nabarmendu du Bidegurenek. Berreskuratze planean laguntzeko “interes handia” dagoela adierazi du.

Herriagaz batera. Alkateak gogoratu duenez, joan den urteko martxoan Tonpoiaren paisaia berreskuratzeko plana herritarrekin elkarlanean martxan jarri zuten parte hartze prozesu baten bidez.

Planagaz egin beharrekoak zehazteko diagnostiko bat eratu zuten, ingurumen eta paisai aldetik balio handiko gunea izanik Tonpoiak zituen ahultasunak identifikatu eta horiek hobetzeko aukerak zeintzuk ziren argitzeko. Diagnostikoagaz, paisai ekintza plana eratu zuten, etorkizun hurbil batean zer nolako esku hartze lana egingo duten zehazteko.

HITZA

05 / 04 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0