Albisteak

Albistea

Bermeotarrak udal zaharren egoitzan oheak lortzeko itxaron zerrendetan egotea salatu du Ibarrolazak

Bizkaiko Foru Aldundiari "eraginkortasun falta" egotzi dio Bermeoko Gizarte Ongizate Patronatuko presidente-eragileak. Aldundiak Bermeoko udal zaharren egoitzarekiko duen jarrera salatu du.

Udal zaharren egoitzan hitzartuta dituzten oheak “ahalik eta arinen betetzeko” eskatu dio Benito Ibarrolaza Bermeoko Gizarte Ongizate Patronatuko presidente-eragileak Bizkaiko Foru Aldundiari. Azaldu duenez, patronatuak 57 ohe ditu hitzartuta aldundiarekin. Aldundiaren “eraginkortasun falta” salatu eta horiek betetzen “atzerapenak” dituela kritikatu du.

Bermeotarrak itxaron zerrendetan daudela zehaztu du: “Egoera horrek  galerak sortzen ditu pertsonengan zein udalaren zaharren egoitzaren egoera ekonomikoan”. Ibarrolazaren arabera, iaz, 40.000 euro inguruko galerak sorrarazi zizkion Bermeoko zaharren udal egoitzari eta aurten, momentuz, 15.000 euro inguruko galerak sortu dizkio.

Egoera hori salatzeagaz batera, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak gogora ekarri du udalaren zein Gizarte Ongizate Patronatuaren helburua dela zaharren egoitza publikoko egoiliarrei “kalitatezko” zerbitzu publiko bat ematea, eta zerbitzu publiko honen finantziazioa aldundiak bere gain hartzea, “bere eskumena den heinean”. Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumenekoa den zerbitzu hau bere gain hartu du, eta kostu osoa ez diotela ordaindu jakinarazi du Ibarrozalak.

“Momentu honetan hitzartutako hiru ohe hutsik daude, horietariko bat hilabete baino gehiago. Oheak behar dituzten bermeotarrok itxaron zerrendan daude. Bermeoko Gizarte Ongizate Patronatuak ezin die bermeotar horiei baimena eman ohea hartzeko, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskuduntza delako”, gaineratu du. Aldunditik erantzun diotenez, zenbait prozedura bete behar dira, Bermeoko egoitzan hutsik dauden plazak Bizkaia osoko itxaron zerrendan dauden eskari-egile guztiei eskaini behar zaizkie telefono bidez. Dei horiek egiteko baliabideak “mugatuak direla” eta “beraien erritmoak” dituztela esan diote: “Ezin dugu aitzakia hori onartu, batez ere bermeotarrak itxaron zerrendatan ohe bat itxaroten daudelako, eta horrez gain, atzerapen horiek gure aurrekontuetan galerak sortzen dituztelako eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontuetan, berriz, aurrezpenak”, azpimarratu du Bermeoko Gizarte Ongizate Patronatuko presidente-eragileak.

HITZA

15 / 04 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0