Albisteak

Albistea

Erroxaperentzat da aurtengo azokako Hegaluze Saria

Emakume elkarteak urteetan Arrain Azokan izan duen inplikazioagatik jasoko du saria, eta emakumeen ahalduntzean egiten duen lana aitortu dio epaimahaiak.

Bermeoko Erroxape Emakumeen Elkarteak jasoko du Arrain Azokako 23. Hegaluze Saria. Epaimahaiak adierazi duenez, azokan hainbat urtetan “izan duten parte hartze aktiboagatik eta inplikazioagatik” erabaki dute saria elkarteari ematea.

Hegaluze Sariak ekintza puntual edo jarraipen profesional bat saritzen du, “Bermeoren izena zabaldu eta goratu duenari edo herriaren alde lan egin duenari”. Erroxapek, Arrain Azokak bezala, 25 urte betetzen ditu aurten, eta ibilbide luze horretan Bermeogatik egindako lana “zoriondu” nahi izan du epaimahaiak.

“Erroxape taldeak hainbat ekimen antolatu ditu eta herriaren prozesu, ekimen eta ekitaldi ezberdinetan parte hartze aktiboa izan du, besteak beste, Arrain Azokan”, nabarmendu dute.

Gaur egun Erroxape elkartea 500 emakume inguruk osatzen dute. Elkarteak mende laurdenean “emakumeen ahalduntzean lan bikaina” egin duela aldarrikatu dute.

25 urteko bidea goraipatuz. Epaimahaiko kideen berbetan, “goraipatzekoa da gainera Erroxape emakume elkarteak izan duen eboluzioa ikuspegi feminista batetik. Horregatik guztiagatik aurtengo Hegaluze saria Erroxape taldearentzat izango da. Zorionak”.

23. Hegaluze Saria Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldian banatuko dute, Bermeo Tuna World Capital ekimenak Lameran izango duen karparen barruan. Inaugurazio ekitaldia maiatzaren 17an egingo dute, 12:30ean hasita. Hegaluze Saria Itsuki Irratiak antolatzen du, Arrain Azoka Elkartearen babesagaz.

HITZA

09 / 05 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0