Albisteak

Albistea

#Bermeotunaminbiziarenaurka kanpaina aurkeztu dute gaur

Minbiziaren prebentzioan atunaren onurak ikertzeko elkartasun kanpaina da Bermeo Tuna World Capital ekimenak, Bermeoko Arrain Azoka elkartearen laguntzagaz gaur martxan jarri duena.

#Bermeotunaminbiziarenaurka edota #Bermeotunacontraelcáncer traolak erabilita, atuna jaten sare sozialetara (instagram, facebook edo twitterrera) argazki bat igotzeko eskaria egingo dute. Horrela, argazki bakoitzagatik euro bat bideratuko dute Minbiziaren Aurkako Elkartera. Zehatz esateko, Bizkaiko CIC Biogune-Ciberehd zentroak atunaren kontsumoak gibeleko minbiziaren prebentzioan dituen onurak ikertzeko daukan proiektuarentzat izango da kanpaina honegaz bildutako dirua. Bizkaiko CIC Biogune ikerketa zentroko Maria Luz Martínez Chantar doktorearen laborategian garatuko dute aipatu proiektua.

#Bermeotunaminbiziarenaurka kanpaina solidarioa gaurtik maiatzaren 20ra arte izango da eta atuna, ikerketa eta elkartasuna ardatz duen ekimen hau Bermeoko 25. Arrain Azokaren protagonista garrantzitsua izango da. Minbiziaren Aurkako Elkartea eta CIC Biogune azokan egongo dira, euren lanaren berri emanez eta ikerketa honek duen garrantzia azalduz. Gainera, sare sozialetako kanpainagaz bat egiteko, photocall-ak ere jarriko dituzte. Hala, azokak “elkartasunarekin eta jasangarritasunarekin gozatzeko aukera” eskainiko duela iritzita, azokara hurbiltzeko gonbidapena egin dute goizean Arrantzaleen Museoan egin duten ekitaldian.

Proiektua. Bizkaiko CIC Biogune-Ciberehd zentroan esku artean duten ikerketaren helburu nagusia da Omega3 gantz azidoek, gibel minbizi modelo preklinikoetan dituzten efektu onuragarriak ebaluatzea. Atuna janda gibeleko minbizia izateko arriskua txikitzen dela esan eta osasunarentzat atuna jateak dakartzan onurak gogora ekarri dituzte gaurko aurkezpenean: “Omega3 asko du, antioxidatzaile indartsua da eta memoria eta ikusmena hobetzen ditu. Gainera, gehiegizko pisua eta obesitatea erregulatzen ditu, horregatik osasuntsu bizitzen laguntzen du eta arazo kardiobaskularrak izateko arriskua txikitzen du”.

Halaber, azaldu dutenez, minbizia mota hedatuenetakoa da gibeleko minbizia: “Munduan gehien dagoen seigarren minbizi mota da. Esaterako, Espainian urtero 3.000 kasu berri azaleratzen dira. Munduan gaixotasun honek eragiten dituen heriotzetatik, gibeleko hau da heriotza gehien eragiten duen bigarren minbizi mota”.

HITZA

10 / 05 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0