Albisteak

Albistea

Bizkaia Triathlon lasterketa egingo dute lehen aldiz, zapatuan

500 parte hartzaile inguruk eman dute izena Bermeo eta Gernika-Lumo lotuko dituen kirol proban. Urdaitri TTko kideek azladu dutenez, asmoa hiruzpalau urte barru triatloi luzea antolatzea da.

Urdaibai eta Lea-Artibai eskualdeak zeharkatuko dituen Bizkaia Triathlon kirol proba egingo dute lehen aldiz, zapatuan [ekainaren 22a]. Urdaitri Triatloi Taldeak antolatu du urtebete prestaketa lanetan aritu ostean, izan ere, Gernikako Duatloiak azken urteetan izan duen beherakada kontuan izanda, proiektu berri batean murgiltzea erabaki dute: “Iaz hasi ginen pentsatzen distantzia erdiko triatloi honi nola heldu. Proiektu oso handia da, eta antolatzaile lanetan esperientzia duten kideei eta babesleei esker lortu dugu aurrera ateratzea”.

Euskal Herriko, estatu mailako eta nazioarteko 500 parte hartzaile inguru lehiatuko dira Bermeo eta Gernika-Lumo lotuko dituen I. Bizkaia Triathlon proban. 10:30ean ekingo diote igeriketa saioari federatutako gizonezkoek; emakumezkoek bost minutu beranduago, eta proba irekiko kirolariak 10:40an sartuko dira uretan. Denek ere, txip bat eramango dute soinean denborak zehaztasunez hartzeko. Horrez gain, SportPublic enpresak zuzeneko jarraipena egingo du, eta interesatu orok bizkaiatriathlon.com webgunean  sartu beharko du, ahalbidetuko duten estekan klik eginez. Iparragirre estatuaren inguruan pantaila erraldoi bat jarriko dute antolatzaileek bertaratutakoek ere proba jarrai dezaten. Horrez gain, elkarrizketak egiteko gune berezia prestatuko dute bertan.

Sari banaketa Pasealekuan egingo dute 18:00etan. Gizonezkoen eta emakumezkoen irabazlek 1.500 euro eta txapela jasoko dute. Bigarren sailkatuek 1000 euro, eta hirugarrenek 500 euro. Proba irekiko irabazleak garaikurra jasoko du.

Ibilbidea. Bermeoko portuan hasi eta kirolariek 1.900 metro egin beharko dituzte igerian. Parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko Gurutze Gorriko uretako motoak, piraguak eta Ertzaintzaren itsasontziak egongo dira bertan: “Mundakan hastea ere aurreikusi genuen, baina ezinezkoa da bertan bizikletak uzteko eremu egoki bat aurkitzea, oso espazio gutxi dago”.

Bizikletan, ordea, 86 kilometro egingo dituzte parte hartzaileek. Antolatzaileek adierazi dutenez, ibilbidea diseinatzerako orduan buruhauste gehien sortu dien tartea izan da. Izan ere, zirkulazio arazoak kontuan hartu behar izan dituzte: “Proba gure hondartzetatik igarotzea pentsatu genuen, baina beharbada ez da sasoi egokia. Hala ere, ibilbide oso erakargarria prestatu dugu, bertako paisaiak kontuan izanda gora eta behera arituko dira etengabe”. Sukarrieta, Busturia-Axpe, Murueta, Forua, Gernika-Lumo, Arratzu, Munitibar, Aulestia, Gizaburuaga, Lekeitio, Ereño, Nabarniz eta Ajangiz igaroko dituzte bizikleta gainean.

Korrika, 21 km egingo dituzte Oka ibaiaren ingurutik Gernika-Lumoko herrigunera sartu baino lehen, eta helmuga Pasealekuan izango dute kirolariek. Lehen korrikalaria 14:30ean iristea aurreikusi dute antolatzaileek, eta zapaturako eguraldi ona iragarri dutenez jende mordoa espero dute herriko kaleetan: “Kirolaren jai eguna izango da Gernika. Izan ere, hotel guztiak jada beteta daude, eta milaka pertsona hurbilduko dira. Turismoa bultzatzea ere bada gure helburua, izan ere, parte hartzaileak familiarekin etorriko dira gurera, gutxienez hiru gau igarotzera.”.

Txirrindularitza tartean, Arratzun, Lekeition eta Ereñon izango dituzte anoa-postuak. Korrika modalitatean, aldiz, bi izango dituzte: Oka ibaiaren ertzean eta Santa Ana aparkalekuan.

Triatloi luzea helburu. Mikel Elgezabal, Jorge Morais, Roberto Flores eta Abel Marcosek osatzen dute Urdaitri Triatloi taldea, baina 200 bat boluntario izan dituzte aldamenean: “Jende asko koordinatu behar izan dugu, gehienak gernikarrak. Hala ere, Lekeitiotik, Bermeotik edota Basauritik ere iritsi zaigu laguntza”.

Urdaibaiko eta Lea-Artibaiko herriak zeharkatuko baditu ere, Bizkaiko Foru Aldundiarekin hitz egin ostean Bizkaia Triathlon izen estrategikoa erabiltzea erabaki dute. Antolatzaileen asmoa proiektua garatzea da, eta hiruzpalau urte barru triatloi luzea prestatzea: “Besteak beste, Unai Errementeria Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusia bertaratuko da zapatuan eta estatu mailako triatloi eredugarri bat antolatzea da erronka. Babesleak behar ditugu horretarako, baina baita logistika arloko laguntza. Kirol proba hau, datorren urtean, Euskadiko Txapelketa izatea nahi dugu”.

BUSTURIALDEKO HITZA

21 / 06 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0