Prensa

Prensa

Bermeoko Udalak 2019-2023 agintaldirako udal gobernu taldea aurkeztu du

Gaur goizean Bermeoko udalbatzak egindako osoko bilkuraren barnean, 2019-2023 agintaldirako Udal Gobernu berriaren organigrama aurkeztu du Aritz Abaroa Cantuariense Bermeoko alkateak.

Horrela, Idoia Platas Arenazak lehen alkateordearen kargua hartu du. Horrekin batera Urigintza, Obra eta Ingurumen saileko eta Ekonomia eta Ogasun saileko zinegotzi eskuordetua ere izango da Platas. Aldi berean Gizarte Ongizate Udal Patronatuko lehendakaria izango da.

Jose Maria Larrozea Etxebarria izendatu dute bigarren alkateorde bezala. Zerbitzu saileko eta Udaltzaingo saileko zinegotzi eskuordetua ere izango da datozen lau urteetan. Alazne Zumeta Garro, bestalde, Kultura eta Hezkuntza, Gazteria, Langile eta Prebentzio sailetako zinegotzia izango da.

Ibon Legarreta Erkiaga Berualako lehendakari izateaz gain Antolakuntza eta Teknologia Berrien saileko zinegotzi izendatu dute. Ziortza Irastorza Muruagak Lurgintza zinegotziaren kargua hartuko du, eta Kepa Zumeta Garro Ekonomiaren Garapen, Turismo eta Behargintza eta Euskera sailetako zinegotzia izango da. Gaizka San Pedro Mujika, azkenik, Kultura, Hezkuntza eta Gazteria sailetako albokoa izango da.

Maitane Leizaola Zulueta, bere aldetik, udaleko bozeramailea eta Gobernu Taldearen eta Bermeoren ekonomiaren garapenagaz erlazinatutako proiektu estrategikoen koordinatzailea izango dela jakinarazi du alkateak.

Hiru ardatz. Abaroaren berbetan, Gobernu talde berria “lanean dabil dagoeneko, premiazko gaiei ekiteko, erabakiak hartuz, baina baita lehentasunak ezarriz ere, hiru bloke handiren inguruan hainbat ekintza eta proiektu planifikatzeko: bizitza kalitatea, herri bizia eta nortasuna“.

Nabarmendu duenez, taldearen helburuaBermeo garbi, argi, seguru eta irisgarri bat eratzea da. Udalerria ekonomikoki indartzeko lanean ere ari dira. Alde Zaharrean hutsik dauden lokaletan ekintzailetzea bultzatzeko asmoz, Lokalbide izeneko egitasmoa lantzen ari direla azaldu du.

Gainera, “beste administrazio batzuekin lan egitea beharrezkoa” dela aldarrikatu du Abaroak. “Atzo, Bizkaiko Ahaldun Nagusiagaz izandako bileran, erakundeen arteko laneko mahaia martxan jartzea proposatu genuen, eta denpora gutxi barru Eusko Jaurlaritza ere mahai horretara gehitzea nahi izango genuke”.

Osokoak bi hilean behin. Udal gobernu batzarra astero elkartuko dela adierazi dute osoko bilkuran. Agintaldi honetan ohiko osoko bilkura bi hilabetero izatea onartu dute gaur, hileko azken barikuan. Proposamenak EAJren aldeko botoak jaso ditu. Guzan abstenitu egin da, eta EH Bildu proposamenaren aurka agertu da.

Irune Ormaetxea EH Bilduko kideak adierazi duenez, koaliziokoentzat “gardentasunaren kontra hartzen den erabakia” da jeltzaleek hartutakoa, herritarren aurrean “eztabaidatzeko foroak” baitira. “Herriari informazioa emateko aukera oztopatzen dute. Lehenengo osoko bilkuran horrelako erabaki bat hartzeak benetan EAJren dinamika zein izango den erakusten du, gardentasun falta eta informazioa ezkutatzea”.

Abaroak adierazpenei erantzuna eman die osokoan. “Aurreko agintaldian behin eta berriz kritikatu genuen osoko bikurak ez egitea”, adierazi du. Alkatearen berbetan, EH Bilduren agintaldian “ez ziren bete osoko bilkurak egiteko proposatutako epeak”, hau da, “hileko azken eguenetan egitea”.

Nabarmendu duenez, “legearen arabera Bermeo bezalako udalerri batean osoko bilkurak gutxienez bi hilerik behin egin behar dira”, eta hori betetzeko asmoa agertu du Abaroak. “Gaur hemen erabakitzen duguna bete egin behar dugu”. Behar izanez gero ez ohiko osoko bilkurak egitearen alde agertu da, eta horrela adierazi izan diela beste taldeetako bozeramaileei. “Uneren batean aldaketa bat egon behar dela baloratzen badugu,erabakiak aldatzeko aukera dago”.

Ildo horretan, “zintzotasunez, gardentasunez, gertutasunez eta bermeotarren aurrean arpegia emanez lanean” aritzeko konpromisoa agertu du alkateak.

 

HITZA

03 / 07 / 2019

Otras noticias

  • Citas
  • Volante de empadronamiento
  • Volante de convivencia
  • Expedientes económicos
  • Deporte on-line
  • Recibos de basura
  • Multas
  • Matrículak
  • Plusvalías
  • Tributos municipales

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0