Albisteak

Albistea

Gotzon Zabalaren 'Zeruko' belaontzia izan da Galerna Cup-eko garailea

Bermeoko Galerna Taldeak antolatuta, Galerna Cup estropada lehiatu zuten zapatuan. Eguraldi ona aprobetxatuta, giro ederrean aritu ziren parte hartu zuten hamabi belaontziak.

Taldekoek azaldu dutenez, haizearen aurreikuspenak ikusita, estropadaren hasiera ordubete atzeratzea erabaki zuten zapatuan. Horrela, eguerdian irten ziren itsasketa portutik. Irtetzeko unean itsas “baldintza oso interesgarriak” eduki zituztela adierazi dute parte hartzaileek: “ipar-ekialdeko haizeagaz”, Izaro irlari bi bira emateko estropada hasi zuten, “irla estriborretik utzita”.

Estropadaren garailea Gotzon Zabalaren Zeruko belaontzia izan zen. “Garaipen oso aipagarria” izan zela nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, estropada hasi baino minutu batzuk lehenago bela nagusiaren txikot bat apurtu egin zen. Hala ere, hori garaiz konpontzea lortu eta lehiatzeko aukera eduki zuen Zeruko-ren tripulazioak.

Nahiz eta lehenego uneetan tropelean joan ziren, talde gaztea lanean jarrita maniobrak egiten hasi ziren laster batean, haizeaz baliatuz lasterketa buruan jartzeko.Izaro parera heltzerakoan lasterketa buruan zen jada Zeruko. Hortik aurrera lehen postuan jarraitzea lortu zuen bi biratan, helmugara heldu arte.

Sari berezia. “Tripulazio itxurosoenarentzako” sari berezia ere banatu zuten Galerna Cup-ean. Saria Iñaki Casinaren Atalde 1 belaontziarentzat izan zen, “egindako estropada interesgarriarengatik”. Galernakoen berbetan, “adi egon zen irteera momentuan, ondohasi, maniobra kopuru aproposak egin zituen, baita bi buelta garbi ere Izaro inguruan. Azkenaldian, Iñaki eta bere tripulazioa estropada oso politak egiten ari, eta gero eta postu hobeak lortzen ari da.”

Izan ere, Atalde 1 belaontziak hirugarren postua lortu zuen, Carlos Sanzen Intxaurrabelaontziaren atzean geratuta. Estropada lehiatu ostean, sari banaketa egin zuten Bermeoko portuan. Garaikurrak banatu ondoren bazkaltzera joan ziren, “jai giroan”.

Galerna Taldekoek eskerrak eman dizkie estropadan parte hartu zuten guztiei. Horrez gain, Serrats Kontserbak, Gaztetxu Tailerrak, BermeoPrint eta EKP eskertu dituzte eskainitako laguntzarengatik, baita Caixari ere, “sari nagusia ematearren”.

 

HITZA

17 / 07 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0