Albisteak

Albistea

TKE Ligako lehen zatia igarota seigarren dago Urdaibai sailkapen orokorrean

Talde Bermeotarrak seigarren egin du zapatuan Orion lehiatu duten estropadan, eta laugarren denborarik onena ezarri du domekan, Sestaoko Banderan. KAE 2 Ligan Busturialdea zein Bermeo B laugarren eta bostgarren egin dute Orioko Kanpina Banderan.

Estropada denboraldiaren lehen zatia igaro da eta Urdaibaik Eusko Label Ligako sailkapen orokorraren erdi erdian (seigarren) harrapatuta jarraitzen du. Bizkaiko Txapelketa irabazi ostean, bazirudien talde bermeotarrak asteburuko bi jardunaldietan aurrera pausoa emango zuela, baina zapatuko [uztailaren 20a] VII. Orio Kanpina Banderan eta atzoko XVIII. Sestaoko Udaleko Banderan ezin izan zuen garaipenerako lehian sartu.

Bigarren txandan ekin zion lanari Urdaibaik Orioko uretan, TKE Ligako lehen bandera eskuratzeko asmoz. Lehen luze ona egin bazuen ere, bigarren ziabogan denbora asko galdu eta txanda irabazi zuen Donostiarrarengandik 8 segundora helmugaratu zen.

Ohorezko txandan faboritoek ez zuten hutsik egin eta Hondarribiak lehen luzean izan ezik, gainerako guztietan, denborarik onena ezarri zuen, garaipena maisutasunez lortuz (19:42,94). Oriok gauzak estu jarri zizkion hasieran baina ezin izan zuen etxeko bandera irabazi. Estropadan seigarrena izan zen Urdaibai (20:07,46).

Atzo ere talde bermeotarrak bigarren txandako bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen, oraingoan Zierbenak hartu zion aurre, eta ia 8 segundo atera zizkion. Ohorezko txandan lehia estuagoa izan zuten traineruek, izan ere, Santurtzik irabazi zuen Sestaoko Bandera (19:18,38) eta 5 segundo baino ez zizkion atera Oriori. Estropadan Zierbena sailkatu zen hirugarren, Oriorengandik 40 ehunenetara eta Urdaibai laugarren, irabazlearengandik ia 13 segundora (19:31,26).

Sailkapen orokorrean Orio da liderra (110),  Zierbena bigarrena (98 puntu) eta Hondarribiak (97) aurre hartu dio Santurtziri (96). Donostiarra da bostgarrena (85 puntu) eta Urdaibai seigarrena (81 puntu).
Zazpigarrena da Ondarroa (50 puntu), izan ere, domekako estropada bikainaren ostean Kaiku eta Cabo aurreratu ditu. Hala ere, aurretik duen Urdaibairengandik oso urruti dago, 30 puntutako aldea dago bataren eta bestearen artean. Isuntza, bestalde, hamargarrena da Eusko Label Ligako hamargarren jardunaldiaren ostean (27 puntu).

KAE 2 Liga. Orioko Kanpina Bandera lehiatu zuten atzo KAE2 Ligako traineruek eta Busturialdea (21:48,32) zein Bermeo B (21:51,43) laugarren eta bostgarren sailkatu ziren parte hartu zuten txandetako denborarik onenak ezarri eta gero. Bigarrenean ekin zion Elantxobeko taldeak eta hirugarrenean Bermeokoak. Castro (21:26,01) nagusitu zen estropadan eta Orio zein Portugalete izan zituen atzetik. Sailkapen orokorrean Orio da liderra (71 puntu) eta Castro bigarrena (66 puntu). Bermeo B hirugarrena da (57 puntu), eta Busturialdeak zortzigarren jarraitzen du (34 puntu).

HITZA

23 / 07 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0