Albisteak

Albistea

Itsasoan da Trebis baserriko teila

Egun berezia ospatzen ari dira Busturialdeko kostaldeko hainbat herri. Madalen Egunak ehunka herritar bildu ditu festa giroan Bermeon eta Elantxoben.

Madalen Egunagaz batera, Bermeok bere mugak berrestu eta Izaro irlaren jabetza aldarrikatu dute. Kondairaren arabera, Bermeok Izaro irlaren jabetza estropada batean irabazi zuen. Bermeotarrek mundakarrekin lehiatu zuten estropada hori, bi herrien arteko tirabirak konpontze aldera. Epaile neutral bat edukitzea ezinbestekoa zen, eta horren lana Elantxobek hartu zuen.

“Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak” esanez, gaur eguerdian, Bermeoko alkate Aritz Abaroak jaurti du, lehenengoz, teila itsas hondora Izaro parean. Aurten, alkateak hartutako teila zatia Bermeoko baserri zaharrenetariko batena izan da, XVI. mendeko Trebis baserrikoa hain zuzen ere.

Era horretara, Bermeo itsasoagaz lotura zuzena duen herria izateagaz batera, lurragaz ere lotura historikoa duen herria dela adierazi gura izan dute, udalerriko “bederatzi baserri auzo” desberdinek ere Bermeorekin bat egiten dutela aldarrikatzeko.

Goizean Abaroak adierazi duenez, “egun berezia” da Madalen Eguna. “Jai giroan ospatzen dugun egun berezia da, historikoki ospatzen duguna, eta gure nortasunagaz eta izaeragaz lotura zuzena daukana delako da jai egun seinalatua”. Hunkituta agertu da alkatea; izan ere, Madalen Eguna hainbat urtez era desberdinetan bizitzeko aukera izan duen arren, aurtengoa da alkate modura parte hartu duen lehen aldia.

Beragaz batera Bermeon egon dira, besteak beste, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Izaskun Bilbao eurodiputatua, Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko presidentea edota Mikel Bilbao Mundakako alkatea.

Santa Eufemia elizan meza entzun ostean, Bermeoko udalbatza Goiko Plazan batu da jai egun berezi horri hasiera emateko asmoz. Bertan, Alkate Soinua entzun, eta Kankinkabara Txistu Taldeko kideekin batera irten da udalbatza, herriko kaleak musikaz betez. Alde Zaharretik abiatuta Lamerara heldu, eta hortik portura arte kalejiran aritu dira bermeotarrak.

Itsas prozesioa. Behin helmugara helduta, irrintzi eta oihu artean ontzietara igo dira udaleko ordezkariak. Bertatik Bermeoko portutik irtendako beste dozenaka itsasontzigaz bat egin dute, eta Izaro irlara abiatu dira itsas prozesioan.

Ohitura legez, teila jaurti aurretik Bermeoko bandera eta ikurrina jaso dituzte udaleko kideek Izarotik. Hori eginda, herriko alkate, zinegotzi eta beste ordezkari batzuek Izaroren jabegoa berresten duen akta sinatu dute.

Patxi Egurrola Elantxobeko alkatea izan dute aurten, kostako herri txikiko portuan itxaroten. Elantxobetarrak herriko makila eskaini dio Abaroari, eta elkarrekin plazara igotzeko bideari ekin diote, herria jai giroan murgilduta egon den bitartean. Herriko frontoira iristerakoan, urtero legez, ohorezko aurreskua dantzatu, eta herritarrekin bat egin dute udal biribilketan udal ordezkariek, eta beste edozeren aurretik Madalen Eguna jai eta ospakizun eguna dela argi erakusteko gogotsu. Izan ere, goizean goizetik jendetza batu da Elantxobeko portuan, eta musika eta jai giroa ez dira falta Madalen jaiak ospatzera Bermeo eta Elantxobera hurbildu direnentzat.

Elantxoben bazkaldu ostean, Bermeoko udalbatzak arratsaldean egingo du herrirako itzulera. Lehenago, baina, Mundakan egingo dute geldialdia, eta 19:30ak aldera helduko dira berriro ere, Bermeora; Orduan, Bermeotarrak fanfarreagaz bat egingo dute Goiko Plazarainoko bidea egiteko.

Han banderak altxatu, eta dantzak egiteko prest egongo dira. Eta eguneko protokoloagaz amaitzeko, San Migeleko eskailetaraino kalejiran joango dira, ostean jai giroan bete-betean murgildu baino lehen.

HITZA

23 / 07 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0