Albisteak

Albistea

Hegalaburraren sei ale markatu dituzte 2. Bermeo Tuna Tagging Challenge erronkan

Hamabost ontzi aritu ziren hegalaburrak markatzeko lehian asteburuan. Ume zein nagusiei zuzendutako tunidoei buruzko tailer eta informazio saioak ere egin zituzten.

Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako zein Holandako, Baionako eta Sevillako 50 bat arrantzalek parte hartu zuten asteburuan egindako 2. Bermeo Tuna Tagging Challenge ekimenean.

Hamabost ontzitan banatuta, arrantzaleek gogor ekin zioten hegalaburra elektronikoki markatzeko erronkari. Bermeo Tuna World Capital ekimeneko antolatzaileen berbetan, bigarren urtez egindako erronka horrek “hegalaburraren markaketa elektronikoan aintzindari izan den ekimenaren konpromisoa eta iraunkortasuna finkatu egin ditu”.

Hegalabur gazteak. Zapatuan 09:30etatik 19:30era arte aritu ziren arrantzan; domekan berriz 09:00etik 14:00etara irten ziren itsasora. Aurtengo erronkan sei hegalabur markatzea lortu dute arrantzaleek. Bakar bat marka arrunta erabilita markatu zuten.

Gainerako bostak barne marka erabilita markatu zituzten: arrainaren tamaina txikia dela-eta, kirurgia egin eta marka hegalaburraren barruan kokatu beharra dago. Iñigo Onandia erronkaren markaketa arduradunak azaldu duenez, aurten harrapatutako hegalaburrak oso gazteak izan dira, 1 eta 2 urte bitartekoak.

Onandiak azpimarratu duenez, ekimenagaz lortutakoa “oso datu positiboa” da. Azti zentroko biologo talde batek uneoro ikuskatu ditu arrantzatutako hegalaburrak eta horiek markatzeko egin beharreko prozesua. Era horretara arrainei tratua ona eman zaiela ziurtatu dute, eta aldi berean parte hartzaileei praktika onak erakutsi dizkiete.

Horren harira, erronkaren ardatzetako bat arrantza jasangarria sustatzea da. Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza Zuzendariaren arabera, “ekimenak ingurumenarekiko errespetua eta ezagutza baloreak herritarren artean bultzatzea du helburu”.

Ekimena Bermeo Tuna World Capitaleko “oinarrietako bat” dela azaldu dute antolatzaileek, “atunaren biologiari buruzko ezagutzan sakontzen jarraitzea eta atungorria kudeatzeko neurrien eraginkortasuna areagotzea” ahalbidetzen baitu.

Tailerrak. Arrantza erronkagaz batera beste hainbat jarduera egin zituzten asteburuan. Igor Arregi Aztiko ikertzaileak eta tunidoen markaketan adituak tunidoei buruzko tailer eta informazio saioak eskaini zituen portuan. Haur zein helduentzako jarduera horrek “parte hartzaileen arteko arrantza modu desberdinak transmititzeko aukera eman zuen”, baita markak era egokian jarri eta ondoren informazioa batzeko modua ezagutzera eman ere.

Ekimena BTWC elkarteak antolatu zuen, Bermeoko Udalaren, Azti zentroaren eta Seastainable Venturesen laguntzagaz. Beste hainbat erakunde eta enpresen babesa izan zuen erronkak; Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordetza, Arrantza eta ur arloa sustatzeko Itsas Garapen Elkartea, Amarra edota Isabel eta Cuca kontserbak izan ziren, besteak beste, babesleak.

HITZA

25 / 09 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0