Albisteak

Albistea

Berdelaren harrapaketa kuota %41 igoko da 2020ko arrantzaldirako

Europar Batasunak, Norvegiak eta Feroek akordioa adostu dabe 2020ko berdelaren harrapaketak banatzeko Ipar-ekialdeko Atlantikoan. Islandiak, Errusiak eta Groenlandiak Londresen izandako batzarrean parte hartu bazuten ere, ez zuten akordioa sinatu nahi izan eta bakoitzak bere harrapaketa kuotea ezarriko du Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluak (ICES) egindako gomendioari kasurik egin gabe. Gauzak horrela, 922.064 tonakoa izango da datorren urteko harrapaketa muga berdelarentzat, aurreko urtean baino %41 gehiago. Adostutako akordioaren arabera, 454.000 tona berdel harrapatu ahal izango ditu Europar Batasuneko flotak -kuota osoaren %49,29a- eta kopuru horren %7,63a Espainiako pabilioipean arrantzan egiten duen Kantauriko ontzientzat izango da, 34.700 tona inguru hain zuzen ere. Aurreko urtean 24.597 tonakoa izan zan berdel kuota estatuko flotarentzat.

Euskal arrantzaleek pozik hartu dute Europar Batasunak, Norvegiak eta Faroek adostutako igoera. Izan ere, Espainiari dagokion berdel kuota oso eskasa da eta ontziek egun gutxitan harrapatzen dute. “Guretzat albiste ona da berdel kuota handitzea. Azken urte bietan %40 murriztu ziguten harrapaketa muga eta berez txikia den kuota bati ia erdia kentzen badiozu ezerezean geratzen da” adierazi dute euskal kofradietatik. Ez da ahaztu behar Europar Batasunak isuna jarri ziola Espainiari 2009 urtean harrapaketa muga gainditu izanagatik. Horren ondorioz, urtero 5.544 tona berdel kentzen dizkio.

Eusko Jaurlaritzatik balorazio positiboa egin dute Londresen lortutako akordioaz. “Oso albiste ona da gure flotarentzat, batez ere amuak erabiliz arrantzatzen duten ontzientzat, are gehiago azken urte bietan izan genituen murrizketak kontutan izanda” adierazi du Leandro Azkuek, Arrantza eta Akuikultura zuzendariak. “Berdelak -gaineratu du- gero eta balore handiagoa dauka merkatuan eta dagoeneko ez da bigarren mailako espezie bat. Horregaitik, Españak borrokatu egin behar du Europan berdel kuota gehiago lor-tzeko”.

Berdelaren arrantzaldiak gero eta garrantzi handiagoa dauka Bizkaiko eta Gipuzkoako baxura flotako ontzientzat. Izan ere, aurten, historian lehen aldiz, berdelaren bataz besteko prezioa bokartarena baino handiagoa izan da. 9.500 tona berdel saldu dira aurten Euskadiko portuetan, 13 milioi euroko balioarekin. Kiloa 1,37 eurotan saldu da, inoiz baino garestiago. 2.589 tona saldu dira Pasaian, 1.822 tn Bermeon, 1.470 tn Ondarroan, 1.446 tn Hondarribian eta 1.240 Getarian.

Martxoaren lehenengo astean hasten dira euskal arrantzaleak berdela harrapatzen. Ontzi gehienek, inguraketa sarea erabitzen dutenek, egun gutxitan agortzen dute kuota eta bokarta harrapatzeari ekiten diote. Amuak erabiltzen dituzten ontziek menpekotasun handia dute berdelaren arrantzaldiarekiko, euren ekonomiaren zutabe nagusienetakoa delako hegaluzearenarekin batera. “Guretzat oso garrantzitsua izango litzateke berdel gehiago harrapatzeko aukera izatea, izan ere, kuota buka-tzen zaigunean portuan lotuta geratu behar gara hegaluzearen kostera hasi arte” adierazi du Bermeoko patroi batek.

STOCKA EGOERA ONEANLondresen lortutako akordioak goitik behera betetzen du ICES erakunde zientifikoak 2020rako egindako gomendioa, hau da, gehieneko kuotak ez zuela 922.000 tonako muga gainditu behar. Zoritxarrez, Errusiak, Islandiak eta Groenlandiak uko egin diote berdelaren gaineko akordioa sinatzeari eta bakoitzak bere kuota ezarriko du zientifikoen gomendioak bazterren utzita. Europar Batasunak, Norvegiak eta Faroek gogor kritikatu dute akordioa sinatu ez duten herrialdeen jarrera. “Berdel stockaren iraunkortasuna lortzeko egiten ditugun ahaleginak ahuldu egiten dituzte”.

Aurten, 695.311 tona berdel harrapatu dituzte Europa osoan. Europar Batasuneko flotak 224.786 tona porturatu ditu, baimenduetakoa baino ia 100.000 tona gutxiago. Zaila da ulertzea nola geratzen diren hainbeste tona harrapatu barik Kantauriko flotak bere beharrak asetzen ez dituen bitartean eta kuota txiki batekin konformatu behar duenean. Norvegiak 138.000 tona arrantzatu ditu, Faroek 50.000 tn, Islandiak 125.000 tn eta Groenlandiak 30.000 tona. Errusiaren kasua salagarria da benetan. 108.000 tonako kuota ezarri zion bere buruari eta 126.000 tona baino gehiago harrapatu ditu.

DEIA

25 / 10 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0